Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Erasmo, Rotterdamgoa

(Lat. Deisiderius Erasmus). Holandar humanista (Rotterdam, 1466 - Basilea, 1536). Ezkontzaz kanpoko semea zen. Steyneko agustindarren komentuan sartu zen, eta bertan egin zituen botoak (Julio II.a Aita Santuak botoetatik libratu zuen ondoren), eta apaiz egin zen. Parisko Montaigu ikastetxean segitu zituen ikasketak. 1498-1500 bitartean Oxfordeko Unibertsitatean izan zen. John Coletekin teologia ikasi zuen, eta Thomas Moreren adiskide egin zen. 1503. urtean plazaratu zuen lehen teologia lana: Enchiridiion militis christiani (Gudari kristauaren gidaliburua) eta 1508an Adagia, autore klasikoen hiru milatik gora esaera dakarren bilduma aurkeztu zuen Parisen. Italian egon zen bitartean Aldo Manuziorekin grekozko ikasketak sakondu zituen, eta ondoren Cambridgen egon zen irakasle. 1509an Ingalaterara jo zuen berriro eta Encomium Moriae (Eromenaren goraipamena) Thomas Moreri opariz eskaini zion liburu ospetsua idatzi zuen. Formalismoa eta superstiziozko sineskeriak salatu zituen obra honetan. Herbehereetan, Institutio principis christiani (Printze kristauaren heziketa) obra idatzi zuen ikasle zuen Karlos V.arentzat, eta Novum Testamentum, Itun Berriaren grekozko itzulpena argitaratu zuen. 1521ean Basileara joan zen bizitzera, eta katolikoen eta protestanteen arteko iskanbilak bizi-bizian zeudela, Diatriba de Libero arbitrio (Aukeramen askeari buruz, 1524) saiakera, predestinazioaren kontrako jarrera zuena (gerora, Luterok De servo arbitrio liburuaz erantzun zion), eta De sarcienda Ecclesiae concordia liburua idatzi zituen.  v  Bere garaiko gizon gorenekin harremanak izan zituen. Gogorkeria ororen aurkako, eta neurriaren eta orekaren aldeko izan zen beti. Eliza katolikoarekiko loturak inoiz hautsi ez zituen arren, Erasmo erreforma protestantearen bultzatzailetzat hartu izan da. Bere idazki batzuetan (Colloquia familiaria, 1518) garai hartako apaizen ohiturak eta eginak biziki kondenatu zituen, baina Luteroren aurka agertu zen bere De libero arbitrio liburuan. Antzinako klasikoen eta ebanjelioaren arteko sintesia egiten saiatu zen pentsalaria izan zen.