Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

entoprokto

izond. Zool. Hestea garroek osaturiko koroan amaituta duten zenbait itsas ornogabez esaten da.  v  Briozooen antzeko animaliak dira entoproktoak, eta itsasoan bizi dira gehienak. Entoprokto mota bakarra bizi da ur gezatan, Urnatella gracilis izenekoa. Entoproktoak kolonietan bizi dira gehienetan, txorten batez estoloi izeneko gorputz luzexka bati atxikita. Txortenaren burua zabala dute kaliza baten antzera, eta horren barruan dituzte organoak gordeta. Kalizaren inguruan, garro batzuk dituzte zilio izeneko ile dardarti batzuekin, eta horietatik xurgatzen dituzte elikagaiak. Entoproktoak ugal daitezke gemazioz, sexugabe, eta ugal daitezke arrautzez ere; halakoetan, larbak jaiotzen dira, eta horiek metamorfosi prozesua izaten dute heldutasunera iritsi aurretik.