Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eneko Aritza

Iruñeako lehen erregea, 824-852 urteetan, eta Nafarroako lehen errege dinastiaren sortzailea (780? - 852). Ez da datu askorik haren bizitzaz. Eneko izeneko Pirinioetako buruzagi baten semea zen. Historialari batzuen arabera, Bigorran sortu zen, baina ez da hori baieztatzeko frogarik. Parte hartu bide zuen 824. urtean frankoei eta haien mendeko euskaldun batzuei Orreaga-Garaziko mendietan euskaldunek eragin zieten zafraldian eta hartatik aurrera lehen buruzagi edo errege izendatu bide zuten. Eneko Aritza saiatu zen buruzagi euskaldunekin harreman onak izaten; familiako loturak hedatu zituen haiekin, Tuterako Kasi musulmanekin eta Gartzea Gaiztoa Aragoiko kondearekin bereziki, eta ahalegindu zen Arabako Bela eta Belaskotarrak eta frankoen eraginpean bizi ziren Pirinioez bestaldeko euskaldunak bere alde jartzen. Iruñea zenez garai hartan baskoien eta euskaldunen hiri nagusia, bertan finkatu ziren buruzagi nagusiak eta bertara jo zuten, gerra garaian, frankoek eta musulmanek. Eneko Aritzak ez zuen euskaldun guztiak aginte bakar batera biltzea lortu eta ez zuen xede horretan asmo berezirik agertu. Kezkagarri zitzaizkion Arabako lurraldeko egoera, Asturias aldeko godoen etengabeko mehatxuarengatik, Tuterako kasitarrekiko gorabeherak eta Zaragozako musulmanen erasoak, eta iparraldeko frankoen asmoak. 842. urtean, Kordobako emirrak kasitarrei eraso egitea agindu zuen bere aurka altxatu zirelako. Muza kasitarrak laguntza eskatu zion Eneko Aritza ahaideari eta biok bat eginda prestatu ziren arabiarrei aurre egiteko. Arabiarrak Iruñeko lurretatik kanpora egoztea lortu zuten urte hartan, baina hurrengo urtean sartu ziren musulmanak hiriburuan, Eneko Aritza zauritua zuten guduaren ondoren. Bakea egin ondoren, arabiarrek onartu zizkioten errege euskaldunari bere lurraldeak. 850. urtean, bake ituna egin zuten Eneko Aritza Iruñeko erregeak eta Karlos Buru-soila Frantzia eta Akitaniako erregeak. Eneko Aritza kristaua zen eta bere garaian errotu ziren monasterioak, Leirekoa bereziki, Nafarroako lurretan. Eneko Aritza Semenarekin ezkondu zen (Jimena edo Ximena) eta seme bat (Gartzea Enekoitz, Iruñeko bigarren erregea) eta bi alaba izan zituzten.