Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Encina, Juan del

(Juan de Fermoselle benetako izena). Espainiar olerkaria, drama idazle eta musikagilea (Encinas, Salamanca, 1469 - Leon, 1529). Erdi Aroko tradizioaren eta Errenazimentuaren arteko idazlea izan zen, egloga hitza Espainian erabili zuen lehena. Lan liriko labur asko ondu zuen gaztetan, doinuarekin batera (Cancionero, 1496. Arte de la poesía castellana lan ospetsua idatzi zuen bilduma horren hitzaurreko). Bere antzezlanetan bi molde desberdin bereizten dira; gaztetan idatzitako obrei Erdi Aroko kutsua darie (Egloga de Antruejo, Auto del Repelón, eta Eguberriari eta Jesu Kristoren Nekaldi eta Piztuerari buruzko eglogak), baina Erroman idatzi zituen lanak, eta haien ondorengoak, Errenazimentuko moldeetan sartzen dira bete-betean (Egloga de Fileno, Zambardo y Febea, Egloga de Plácida y Victoriano).