Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Emmerich, Roland

Zinema zuzendari alemaniarra (Stuttgart, 1955). Gaztetan eskultura eta pintura landu zituen, eta Stuttgart-eko Arte Akademian egin zituen arte ikasketak. Publizitatearen munduan hasi zen lanean, eta ondoren zinemara jo zuen. 1979an filmatu zuen bere lehenengo proiektua, Franzmann. Munich-eko Zinema eta Telebista Eskolan zinema ikasketak egin zituen eta, Noeren Ontziaren Hasiera (1932) film laburrarekin graduatu zen. Film horrekin inauguratu zen 1984ko Berlingo Jaialdia. Ondoren Emmerich-ek bere produkzio etxea sortu zuen, Centropolis Films. Hainbat bidaia egin zituen Estatu Batuetara eta garai hartako efektu berezietako laborategi ospetsuenekin jarri zen harremanetan. Hala, estatubatuar kapitalarekin egin zuen lehenengo film luzea, Soldadu unibertsala (1992). Arrakasta handia izan zuen eta ondoren Stargate, izarretarako atea (1994) egin zuen. Film hartan, besteetan bezalaxe, efektu bereziek dute garrantzirik handiena. 1996an Independence day egin zuen. Film haren bidez Hollywoodeko magnate handien konfiantza lortu zuen. Ondoren, 1998an, Godzilla lana filmatu zuen, izan bereko mamuari buruzko lana. Lan horretan ere, izugarriak dira efektu bereziak eta ordenagailu bidezko efektuak.