Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ellakuria Beaskoetxea, Ignacio

Bizkaitar elizgizona (Portugalete, 1930 - San Salvador, 1989). 17 urte zituela Jesusen Lagundian sartu zen. Bi urte geroago El Salvadorra jo zuen. Ondoren Giza Jakintza, Filosofia eta Teologia ikasketak egin zituen El Salvadorren, Ekuadorren, Austrian eta Irlandan. Jesuitek 1965. urtean sortu zuten Amerika erdialdeko Unibertsitateko erretore izendatu zuten 1979. urtean.  v  Askapenerako Teologiaren aitzindarietako bat izan zen, Hego Ameriketako Elizako eta Jesusen Lagundiko kide batzuekin batera. Bitartekaritza lan asko egin zuen El Salvadorko nazioa baketzeko, eta horretarako gerran ziharduten bi aldeetako buruzagiekin behin baino gehiagotan egin zituen elkarrizketak. 1949. urtean El Salvadorko herritar egin zen. Armadako hainbat kidek eta eskuin muturreko zibilek ez zuten begi onez ikusten Ellakuriaren politika aurrerakoia, kontuan izanik gainera bere ikasleen artetik irtenak zirela garai hartan FMLN (Frente Farabundo Martí para la Liberación Nacional) erakunde armatuko buruzagi batzuk. Aldez aurretik iragarri zen bezala, 1989. urteko azaroaren 16an, talde militar batek hil zuen Ellakuria, beste bost apaizekin, etxekoandrearekin eta honen alabarekin batera, San Salvadorko unibertsitatean egindako atentatu batean.