Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

El-Sebai, Youssef

Egiptoar idazlea (Kairo, 1917 - Nikosia, 1978). Familia apal batean sortu zen, baina aita idazlea zuen eta harengandik etorri zitzaion literaturarako eta idazketarako zaletasuna. Horrela, oso gazterik hasi zen idazten eta bigarren hezkuntzako ikasketak egiten ari zela eman zuen argitara bere lehenengo kontakizun laburra Megallati aldizkarian. Harrezkero zenbait aldizkaritan eman zituen argitara idazlanak. 1937an ikasketa militarrak osatu eta graduazioa eskuratu ondoren, akademia militarreko irakasle izan zen eta 1952an Museo Militarreko zuzendari izendatu zuten. Karrera militarra alde batera utzi ondoren, kulturaren alorreko hainbat karguren ardura izan zuen, besteak beste Arteetako Jauregi Nagusiko jeneralarena eta Afrika-Asia Elkartasunaren Hitzarmeneko jeneralarena, harik eta 1973an Kultura ministro egin zuten arte. Lan handia egin zuen, orobat, literaturaren alorrean: zenbait aldizkariren sorreran parte hartu zuen eta Idazle Arabiarren Elkartearen sortzaile izan zen, Ihsan Abdel-Qoddous kazetari eta eleberrigilearekin batera. El-Sebairen lanetan nabarmen agertzen da bere garaiko egoera eta baldintza gero eta kaskagarragoak gainditzeko iraultzen beharra, etorkizuna hobea izango bazen; baldintza kaskar horiek islatzeko, klase zapalduetako kideak, klase behartsuetakoak, aukeratzen zituen bere lanetarako protagonista. Bere eleberrien artean aipagarria da, batez ere, Ez zaude bakarrik, hainbat gairi buruzko bere ikuspegia garbien azaltzen duena, baina garrantzitsuak dira, halaber, Banoa, Nire bihotz sendatua, Bizitza une bat besterik ez da, Hipokrisiaren erresuma eta Irribarrea ezpainetan. Muturreko palestinar talde batek hil zuen, hitzaldi bat ematen ari zela.