Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eliot, Thomas Stearns

Ingeles olerkari, kritikari eta antzerkigilea, Estatu Batuetakoa jatorriz (Saint Louis, Missouri, 1888 - Londres, 1965). Lehen ikasketak Harvardeko unibertsitatean egin zituen. 1911n Sorbonan eta Oxforden ere aritu zen ikasten, eta literatura hautatu zuen berehala lanbidetzat. The Love Song of J. Alfred Prufrock (1915, J. Alfred Prufrocken amodiozko kantua) lehen obraren bidez molde poetiko berriak sortu zituen, XIX. mendeko tradiziotik bestaldera. Ezra Pounden bitartez ezagutu zuen Italiako poesia berria (Ara Vos Prec, 1920) eta kritika lanetan hasi zen. The Waste Land (1922, Lur eremua, Joseba Sarrionandiak itzulia) izan zen bere sormenaren gailurra jo zuen poema liburua. Gauzen kanpoko itxuraren eta izpirituko errealitatearen arteko harremanen arazoak ageri dira Ash-Wednesday (1930, Hausterre eguna) obran, penitentzia eta salbazioa gaitzat harturik. Garai hartan T.S. Eliotek «erregezalea, klasikoa eta anglikanoa» zela aitortu ohi zuen. Four Quartets (1935-1943, Lau Quartetto, Gabriel Arestik itzulia) asmo poetiko berriz egin zuen: denbora barruko nahiz denboraz harantzagoko gertakarien azalpena da. The Family Reunion (1939, Familiarteko bilera), The Rock (1934, Haitza) eta Murder in the Cathedral (1935, Hilketa katedralean) obrak bere izpiritu mistikoaren adierazgarri dira. The Cocktail-Party (1950, Cocktail Jaia) eta The Confidential Clerk (1954, Konfiantzazko morroia) obretan norberaren patua bilatu eta onartu beharraz jardun zuen. Elioten obra dramatikoek ez dute bere poesiak gaien aldetik azaltzen duten batasunik. v 1948an Literatura Nobel saria jaso zuen.