Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eliot, Charles William

Estatu Batuetako irakaslea, Harvard-eko unibertsitateko lehendakaria 40 urtez (Boston, 1834 - Maine, 1926). Argitaldaria ere izan zen, eta Harvard Classics, 50 aleetako bilduma argitaratu zuen (1909-1910). Harvardeko unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta 1858an matematika eta kimikako irakasle izan zen bertan. 1867an Europara egin zuen bidaia, hango hezkuntza sistemak aztertzera. Hartaz argitaratu zituen lanek Harvardeko zuzendarien arreta erakarri zuten, eta lehendakari berri bila ari zirenez gero, Eliot hautatu zuten lan horretarako 1869an. 1909an utzi zuen kargua; ordurako Harvardeko unibertsitatea ezaguna zen mundu osoan. Eliotek zientzietarako lekua eskatu zuen unibertsitateko ikasgaien artean, gizarte gaien ondoan. Bestalde, unibertsitateko ordura arteko diziplina gogorraren kontra agertu zen, eta derrigorrezko ikasgaiak gutxitu egin zituen eta aukerazkoak gehitu. Haren proposamenek eragina izan zuten baita bigarren mailako eskoletan ere, eta hizkuntzak eta matematika sartu zituen eskola horietako ikasgaien artean. Hezkuntzaren eraberritzean eragin handia izan zuten bere lanek: Essays and Addresses (1869-1897), University Administration (1908). 1930ean Henry James-ek Eliot-en lanak eta biografia datuak bildu, eta Charles W. Eliot liburuan argitaratu zituen.