Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Elias Cortonakoa

Asisko Frantziskoren dizipulua (Asis, 1180 inguruan - Cortona, 1220). Frantsizkotarren ordenako lehenetako burua izan zen; bi aldiz izan zen ordenaren nagusi. 1217an Eliasek gidatu zuen frantziskotar misioa Lurralde Santuetara, Siriako lehen probintzia ministro zela. Palestinan ibili zen San Frantziskorekin, eta elkarrekin itzuli ziren Italiara 1220. urtean. 1221etik aurrera frantziskotarren bikario izan zen, eta San Frantzisko hil zenetik, 1226an, 1227raino izan zen nagusi, bere ordez Joan Parenti aukeratu zuten arte. Geroago, Gregorio IX. Aita Santuaren aginduz, San Frantziskoren oroitzapenez egindako Asisko basilikaren eraikuntzaren arduradun izan zen. 1232an ordenako jeneral hautatu zuten, baina Eliasek kontrako asko izan zituen, Frantziskoren pobretasunaren araua bete-betean errespetatu nahi zutenak batez ere; Elias lurtarregia zen, eta aginte handiegia zuen haien ustez. 1239an postutik kendu zuten, eta Cortonara itzuli zen jarraitzaile gutxi batzuekin. Erromatar Inperio Santuko enperadore Frederiko II.aren Aita Santuaren aurkako jarreraren aldeko zela eta, eskumikatu egin zuen Gregorio IX.ak 1240an; 1244an Inozentzio IV.ak eskumikatu zuen, berriz, Nizeako eta Konstantinplako enbaxadore egin zuenean enperadoreak. 1245ean eliza eta monasterio bat eraiki zituen Cortonan San Frantziskoren ohoretan. Elizara itzuli zen hil aurretik.