Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eleta, Joaquín

Espainiar frantziskotarra (Burgo de Osma, 1707 - Burgo de Osma, 1788). Karlos III.aren aitorle izan zen (1761) eta eragin handia izan zuen harengan. Klemente XIV.a Aita Santuak Tebasko artzapezpiku egin zuen (1769) eta geroago Osmako gotzain (1786); Inkisizio kontseiluko kide izan zen. Aljeriaren kontrako kanpaina bultzatu zuen, erlijio arrazoiak zirela eta. Jesuiten etsai izaki, haiek kanporatzearen alde agertu zen hartarako eratu zen biltzarrean.