ekonomia
iz. Ondasun materialen administrazioa. ||Herrialde, eskualde, gizatalde edo enpresa baten ondasun materialen multzoa. || Ondasunen balioen antolamendua, funtzionamendua eta garapena arautzen duten arauen eta printzipioen multzoa eta horiek aztertzen dituen zientzia. v Ekonomia zientziaren ikuspuntu desberdinak daude: politikoa edo klasikoa, neoklasikoa, marxista, Keynes-en ekonomia, eskaintzaren ekonomia, etab. Ekonomia politikoa edo klasikoa: eragile ekonomikoen jokaera bateratua aztertzen du, eragile horiek parte hartzen duten sistema ekonomikoaren dinamika legeak aurkitzeko asmoz. Ekonomialari klasikoek ekonomiaren hazkuntza epe luzera, eta errentaren banaketaren eta produktu sozialaren gorabeheren arteko harremanak aztertu zituzten batez ere. Ekonomia neoklasikoa: eragile ekonomikoen jokaera banakakoa aztertzen du, eta beste era askotara erabil daitezkeen baliabide urriak modu eragingarri eta egokian esleitzea du helburutzat. Neoklasikoen ikuspuntutik erabateko konkurrentzia duen merkatua baliabideen esleipenerako egokia da, eta gai da merkatu hori ekonomiaren desorekak (inflazioa, lanik eza…) berez zuzentzeko; ez da beraz plangintza beharrik ekonomia jardueran. Ekonomia marxista: produkzio mota jakin bateko gizarte harremanen baitan, produkzio indarren kontraesanezko garapenaren legeak aztertzen ditu. Marxisten ustez, kapitalismoaren krisiak produkzio modu horren nahitaezko emaitza dira. Keynes-en ekonomia (edo Keynes-en ondorengoa): oso lotuak ikusten ditu ekonomia hazkuntza eta errentaren banaketa, eta inbertsio tasa garapen horren oinarri erabakiorra dela esaten du. Merkatuaren berezko desoreka azpimarratzen du Keynes-ek eta ekonomiaren bidea zuzentzeko premiazkoa ikusten du estatuak parte hartzea. Eskaintzaren ekonomia: Keynesen teoriak ez bezala, honen arabera, ekonomiaren bultzada ez dator eskari bateratutik, eskaintzatik baizik. Zergak jaistearen aldeko da, eta ekonomiaren alor publikoa murriztearen eta merkatuak “desarautzearen” aldeko, ekimen pribatua bultzarazteko. v Merkatu ekonomia. Produkzio baliabideak eta ekoiztutako ondasunak prezioen eta merkataritza trukaketen (merkatuaren) bidez banatzen dituen ekonomia mota. Herri kapitalistetako ekonomia mota da berez. v Ekonomia plangintzaduna. Produkzio baliabideak eta ekoiztutako salgaiak, aldez aurretik plangintza jakin baten arabera zehaztutako arauen bidez banatzen dituen ekonomia mota. Sistema hori da nagusi herrialde sozialistetan. v Ekonomia mistoa. Merkatu ekonomiari administrazioaren parte hartzea eransten zaio, hazkuntzaren, prezioen, lanpostuen edo diru trukearen egonkortasuna ziurtatzeko, edo errenta banaketa oso desorekatuak galerazteko. Ekonomia mistoetan alor publikoak (enpresetakoa eta administraziokoa) parte hartze garrantzitsua du. Gaur egun, munduko ia herri guztietako ekonomia mistoa da, baina oso neurri desberdinetan: herri batzuetan alderdi publikoaren parteak oso garrantzi handia du (Txina, Suedia), eta besteetan merkatua da nagusi (Estatu Batuak, Britainia Handia). v Ezkutuko ekonomia. Legez kanpoko eta ezkutuko jarduera ekonomikoen multzoa, haziendan eta estatistiketan kontuan hartzen ez dena. v Eskalako ekonomiak. Batez besteko kosteen urritzea, koste finkoak ekoiztutako gaien kopuru handiago batez banatzean lortzen dena, enpresaren jardunen eskala handituta lortzen dena. ■ ekonomia soziala. ik. kooperatibismo. ■ ekonomiaren krisiak. ik. krisi. ■ ekonomiaren zikloak. ik. ziklo.