Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eizmendi, Iñaki

Gipuzkoar kantari, kantagile eta produktorea. (Andoain, 1952). Ez zen kantari bezala luzaroan aritu, baina bere lanak marka handia utzi zuen euskal musikan. Hiru disko atera zituen. Lehena, Gureak ez diren kale isilen bi milagarren samina, 1977an kaleratu zen. Disko hark oso harrera ona izan zuen, jendeaurrean kantaldi asko eman ondoren egindakoa baitzen. Hiru urte geroago, Zaldi erratu hatsa kaleratu zuen. Disko bikoitza zen, baina bi zatitan aterata, hiru hilabeteko aldearekin. Bi diskoak lan beraren zati ziren eta bien arteko batasuna nabarmentzen zen nahiz eta bakoitzak bere nortasun propioa eduki. Eizmendik ahalegin handiak egin zituen kantuaren egituraketa berriak jorratzen, berritzailea izatea baitzen bere bokazioa. Telebistarako musikagile bezala jardun du urte luzez eta ekoizle eta zuzendari lanak ere bete ditu, esaterako, Goenkale telesailan.