Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eisenstein, Sergei Mijailovitx

Errusiar zinemagilea (Riga, 1898 - Mosku, 1948). Arkitektura ikasketak egin ondoren, sobieten iraultzan esku hartu zuen, eta antzertian hasi zen eszena zuzendari gisa (Proletkult, 1920-23); interes bizia agertu zuen Kuletxov eta Dziga Vertov zinemagileen metodoekiko. Bere lehen filmetan, sortzaile paregabea zela erakutsi zuen: Stachka (1924, Greba,) eta, batez ere, Bronenosetz Potemkine (1925, Potemkin gerra ontzia), mundu osoko zinema mutuko obra nagusietako bat. Ahalmen guztiak iraultzaren zerbitzura jarri zituen eta, aurreko ildo beretik betiere, Oktiabr (1927, Urria) eta Staroie I Novoie (1929, Zaharra eta Berria, Lerro nagusia) filmak egin zituen. Sobietar Batasunetik kanpora, bukatu gabe utzi behar izan zuen Que viva Mexico, 1931-1932 urteetan Mexikon egindako filma. Saio horren ondoren, Sobietar Batasuneko Zinematografia Erakundearen Zuzendaria izan zen eta zinema irakaskuntzan aritu zen. 1938an Alexandre Nevski filma egin zuen eta 1942an Ivan Groznyď (Ivan Izugarria) egiten hasi zen; lehen zatia 1945ean egin zuen eta bigarrena 1946-1948 bitarteko urteetan. Ideologia iraultzailea, poetaren jeinu bizia, adimen zorrotza eta zinemako alor guztiak menderatzen dituen zuzendariaren maisutasuna bildu zituen Eisensteinek. Sobietar Batasuneko zinema maisu handienetakoa izan zen, Dovjenkorekin eta Pudovkinekin batera. Haren obrak oso eragin handia izan zuen, muntatzeko teknika berria asmatu eta garai hartako zinemaren estetika errotik aldarazi baitzuen.