Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Einstein, Albert

Alemaniar fisikaria, (Ulm, 1879 - Princeton, Estatu Batuak, 1955). Jakintza modernoan eragin gehien izan duen zientzialarietako bat da Albert Einstein. 1896an Zuricheko eskola politeknikoan onartu zuten eta Hermann Minkowski lituaniar matematikariaren ikasle izan zen. 1900. urtean Suitzako herritasuna eman zioten eta bi urte geroago ikerketa teknikoetarako bulegoan hasi zen lanean Bernan. Fisikaren oinarrizko arazoen ikerketari ekin zion eta 1905ean hiru obra argitaratu zituen, berebiziko eragina izan zutenak. Lehenengoan, mugimendu browniarraren estatistika teoria; efektu fotoelektrikoaren ulerpidea, Max Planck fisikariaren quantum-en hipotesian oinarrituz, eta erlatibitate bereziari buruzko teoria, Newtonek mekanikaren alorrean ezarri zituen legeak aldatu eta masa-energia baliokidetasuna ezarri zuen. 1913an Berlingo unibertsitateko katedra onartu zuen eta 1916an grabitazioari eta erlatibitate orokorraren legeei buruzko teoria argitaratzen hasi zen. 1919. urtean eman zuen ezagutzera, bere osotasunean, erlatibitate orokorrari buruzko teoria; erlatibitate bereziaren printzipioa sistema azeleratuetara zabalduz batera, unibertso kurbatu, mugatu eta lau dimentsioetako grabitazio alorreko oinarrizko legeak zehaztu zituen bertan. 1921ean Fisikako Nobel saria eman zioten «fotoelektrikaren legea finkatzeagatik eta fisikaren teorian egin zituen lanengatik». Judua zenez, nazismoak indarra hartu zuenean Alemania utzi eta, zenbait lurraldetan ibili ondoren, Estatu Batuetara joan zen bizitzera; han irakasle gisa hasi zen lanean Princetongo unibertsitatean (1933). Grabitazio eta elektromagnetismo alorretako legeak eskema geometriko bakar batera bil zitzakeen teoria sortzen saiatu zen: ahalegin honetan erabat asmatu ez bazuen ere, gerora erabili diren matematika lan handiak egin zituen. Garai hartan, Otto Hahn eta Fritz Strassmann alemaniar kimikariek egin zituzten uranioaren fisioaz berak proposatutako teoriak (1939), eta Enrico Fermi italiar fisikariak metal honen deuseztatze etengabearen ondoko erreakzioek sortarazten duten energia kopuru gaitzaren erabileraren balizko ondorioak utzi zituen agerian. Roosevelt lehendakariari azaldu zion Einsteinek nolako arriskuak etor zitezkeen Alemaniak aurkikuntza berri haiek erabiltzen bazituen, eta Manhattan izeneko lehen atomo bonbaren proiektuaren jatorrian dagoen gutun ezaguna zuzendu zion. Indar nuklearrak sor ditzakeen kalteek izuturik, indar hori nazioarteko kontrolpean jartzen saiatu zen Einstein bizitza guztian. Bestalde, arrazen arteko arazoez eta sionismoaren garapenaz kezkaturik bizi izan zen.           
 v  Einsteinen eragina oso handia izan da fisika modernoan: jakintzen ibilbidean sortu duen aldaketa Newtonek ekarri zuenaren parean jarri izan da. Fisikaren alorrean bezain sakona izan ez bada ere, filosofian ere eragin handia izan du: alde batetik Kantek denborari eta espazioari buruz zituen iritziak zalantzan jarri zituen; bestetik, jakintzen arloan egiten diren lorpenak behin betikoak ez direla, aldiz jakindakoaren antolaketa berria etengabe egin behar dela erakutsi zuen. Annalen der Physik aldizkarian egin zituen argitalpenez aparte, beste lan batzuk argitara eman zituen: Mugitzen diren gorputzen elektrodinamikaz (1925), Erlatibitate berezi eta orokorrari buruzko teoriaren oinarriak (1916), Eterra eta erlatibitatearen teoria (1921), Lau hitzaldi erlatibitatearen teoriaz (1921), Ideien garapena fisikan (1938) eta bi saiakera: Nola ikusten dudan mundua (1934) eta, Sigmund Freudekin batera, Zergatik gerra (1933). v Einstein efektua. Grabitazio eremu batean dagoen atomo batek eremu horretatik kanpo legokeen beste batek baino maiztasun gutxiagoko izpiak jaulkitzea eragiten duen efektua. Izpiek ondorioz kolore gorrirantz jotzen dute, eta zenbat eta handiagoa izan grabitazio eremuaren indarra, orduan eta handiagoa da desoreka. Horixe da Einsteinen erlatibitatearen teoriaren ondoriorik ezagunenetako bat.