Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ehun Urteko Gerra

XIV. eta XV. mendeetan zehar Frantziako eta Ingalaterrako koroek elkarren aurka izan zuten gatazka luze bati eman zaion izena. Gerra garai honi 1337-1453 urteen bitarteko muga jarri ohi zaion arren, gatazkak lehenago hasi ziren eta, dinastia auziez gainera, borroka feudalek eta gero Europako mendebalean sendotu ziren nazio-estatuen sorkuntzako zailtasunek zerikusi handia izan zuten liskar giro haren bilakaeran. Urte haietan barealdi luzeak izan ziren, bestalde; beraz, etengabeko gerra bati buruz hitz egin ordez, hobe da gatazka giro luze bat izan zela esatea. Akitaniako auziak berebiziko garrantzia izan zuen gerra honetan. Akitania, antzinako akitaniar euskaldunen lurraldea, ez zen berez Galiako eremua Erromatar Inperioaren garaian, erromatarrek Galiako probintziaren barruan sartu bazuten ere. Inperioa ahuldu zenean, akitaniarrek bereari eutsi zioten eta aurre egin zieten Galiako oinarririk gabeko batasun hura bultzatu nahi izan zuten frankoei eta karolingioei. Akitaniako dukesa eta Frantziako erregina zen Eleonorrek, Ingalaterrako errege eta Anjou eta Normandiako duke zen Henrike II.arekin ezkondu ondoren, Akitania eta Gaskonia Ingalaterrako koroak eskuratu zituen. Lapurdi eta Zuberoa Akitaniako dukeen mende geratu ziren; Nafarroa Behereak, ordea, Nafarroako erreinuaren barne iraun zuen. Laster hasi ziren Ingalaterrako eta Frantziako koroen arteko borrokak, Akitania eta Europako kontinentean ingelesen esku zeuden gainerako lurraldeen aldeko lehian. Filipe II.a Augusto erregearen garaian (1180-1223), lurralde asko hartu zien ingelesei Frantziako koroak (Normandia, Anjou, Touraine, Maine, Saintonge) eta XIV. mendean, Akitania baizik ez zegoen Ingalaterrako koroaren esku. Dinastia auzia Ingalaterrako errege eta Filipe IV.a Frantziako erregearen biloba zen Eduardo III.ak Frantziako koroa beretzat eskatu zuenean piztu zen (1337). Filipe VI.a Valoiskoa aukeratu zuten Frantziako errege eta gerra hasi zen. Eduardo III.ak bere alde jarri zituen Flandesko hiriak, eta Normandiatik Poitourainoko hiri nagusiak hartu zituen. Lehen gerraldi hau Calaisko hitzarmenaz bukatu zen (1360): Frantziako koroak utzi egin behar izan zituen galdutako lurralde guztiak. Karlos V.aren garaian (1364-1380), Frantziako koroak irabazi zituen galdutako lurralde gehienak, Calais, Cherbourg eta Akitania izan ezik. Bertrand Du Guesclin zaldun bretoiari esker lortu zituen garaipen gehienak. 1380-1413 urteetan eten egin ziren guduak, Ingalaterra eta Frantziako barne egoerak txarrak zirela eta. Armagnac-en eta Burgundiaren arteko gerraren garaian, Ingalaterrako koroak ezin zuen aukera hura pasatzen utzi eta Henrike V.a erregeak Burgundiako duke Joan Beldur Gabearekin elkartu eta Frantziako armada garaitu zuen Azincourteko guduan (1415). Troyesko hitzarmenak (1420) berretsi zuen garaipen hura eta Henrike V.a Ingalaterra eta Frantziako errege bihurtu zen. Frantziako erregegaia zen Karlos VII.ak ez zuen horrelakorik onartu eta, Frantziako ekialdeko eta hegoaldeko armadak baturik, Frantziako iparraldeaz, mendebaleaz eta Akitaniaz jabetu ziren ingelesen aurka altxatu zen. Hala ere, ingelesak nagusitu ziren Verneuil-sur-Avreko guduan (1424). Ordutik aurrera, berebiziko garrantzia hartu zuen Jeanne d’Arc-ekoaren partaidetzak: frantses osteak bildu ondoren, Orleansko setioa altxatu zuen, ingelesei nagusitu zitzaien Patayko guduan (1924) eta Frantziako errege egin zuen Karlos VII.a (Reims, 1429). Ingelesek Jeanne d’Arc hil zuten (1431), baina Frantziako armada indarberritu egin zen (Burgundiako dukea Frantziako koroari lotu zitzaion 1435ean) eta hurrengo urteetan Paris (1436), Normandia (1449-1450), Guiena eta Akitania (Castillongo gudua, Bordeleko konkista, 1453) geratu ziren haren esku. 1449. urtean jabetu ziren frantsesak Zuberoaz, 1450ean Lapurdiz eta hurrengo urtean Baiona hiriaz. Calais hiriak, bestalde, Ingalaterrako koroaren esku iraun zuen 1558ra arte. Ingelesen eta frantsesen arteko bake hitzarmena Picquigny hirian izenpetu zen 1475. urtean. XVIII. mende hasiera arte, Ingalaterra eta Britainia Handiko errege-erreginak «Frantziako errege» titulua izan zuten. v  Ehun Urteko Gerraren garaian sortu ziren Frantziako nazionalismoaren lehen sinboloak (Du Guesclin eta, batez ere,  Jeanne d’Arc-ekoa) eta garai hartan gorpuztu zen egun dirauen Frantzia handiaren mito historikoa. Handik aurrera, Ingalaterrako koroak uko egin zien kontinenteko ametsei eta, Gales, Irlanda eta Eskozia menderatu ondoren, uharteen batasuna lortu zuen eta itsasoz bestaldeko eremuen konkistari ekin zion.