Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ehrhardt, Hermann

Alemaniar militarra (Diesburg, 1881 - Austria, 1971). Itsas ofiziala zen, eta Lehen Mundu Gerran hartu zuen parte. 1918ko armistizioaren ondoren brigada bat antolatu zuen; Bavariako Kontseiluen Errepublikaren aurkako zapalkuntza eraman zuen aurrera talde horrek (Ehrhardt brigada). Kapp-en eta Lüttwitz-en konplotaren gidari izan zen baina ez zuten lortu aurrera eramatea. Zenbait politikari hiltzeagatik (Matthias Erzberg besteak beste) salatu zuten “kontsul erakunde” sekretua berak antolatu zuen. 1922an atxilotu zuten baina espetxetik ihes egitea lortu zuen. Munichen eskuin muturreko Wiking taldea eratu zuen.  v  Ehrhardt brigada. Lehen Mundu Gerra amaitu ostean Ehrhardt-ek Bavarian antolatutako taldea. Errepublika deuseztatu eta autoritarismoan oinarritutako gobernua ezartzea zen talde honen helburu nagusia. Hoffman-en gobernu sozialistaren gainbeheran parte hartu eta eskuin muturreko gobernu bat antolatu zuten, Gustav von Kahr zela buru.