Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Douglas Hamilton, Iain

Britainiar zoologoa (Selukwe, 1944 - Lurmutur Hiria, 2007). 1966an Manyara aintzirara joan zen, Tanzaniara, elefanteei buruzko lehen ikerketa zientifikoa egitera. Pakidermoak identifikatzeko eta haien egitura sozialak aztertzeko sistema asmatu zuen, ondorengo ikerketetan ere oinarritzat erabili dena. Best-seller bat, Among the Elephants (Elefante artean) idatzi zuen bere emazte Oriarekin batera, Manyara aintziraren inguruko gertaerak kontatuz. 1976an elefanteak desagertzeko arriskuan zeudela jakinarazi zuen, eta boliaren salerosketari eta isileko ehiztarien jardunari leporatu zion errua. 1989an txosten bat argitaratu zuen azkeneko urteetako datuekin, eta boliaren salerosketa debekatzea lortu zuen.