Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Domenchina, Juan José

Espainiar poeta (Madril, 1898 - Mexiko, 1959). Toledon eta Madrilen egin zituen ikasketak. Errepublikazalea zen, eta La pluma eta España aldizkarietako lankidea izan zen. Manuel Azaña gobernuko lehendakari zenean haren idazkaria izatera iritsi zen. Literatura kritika landu zuen ikuspuntu berezi batek lagunduta (Crónicas de Gerardo Rivera, 1935). Bere olerkietako bi ardatz nagusiak bizitza eta heriotza ziren. Poesias completas (1936) argitaratu baino lehen, La corporeidad de lo abstracto (1928), El tacto fervoroso (1930), Dédalo (1932) eta Margen (1933) poema bildumak argitaratu zituen. 1939. urtean Mexikora jo zuen eta bertan eman zituen argitara Tercera elegía jubilar (1944) eta Pasión y sombra (1944) poemak. Berea du, halaber, 1922an idatziriko La túnica de Neso eleberria.