Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

dikloro

iz. Kim. Molekulan bi kloro atomo dituen gaia.  v  Diklorobentzaldehidoa. Bentzaldehidoaren eratorria, eraztun bentzenikoan bi kloro atomo dituena (C6H3Cl2CHO). Isomero guztiak etanolean, metanolean, eterrean eta azetonan urtzen dira, baina ez uretan. Bentzaldehidoaren klorazioz lortzen da. Koloremaileen eta botika gaien sintesirako baliabide gisa erabiltzen da. v Diklorobutanoa. Butanoaren eratorria, bi hidrogeno atomoren ordez klorozko bi dituena [Cl(CH2)4Cl]. Isomero garrantzitsuena 1,4-diklorobutanoa da. Pisu espezifikoa, 1,141 gr/cm3; 155° C-an irakiten du. Gai organikoen sintesian erabiltzen da.  v  Diklorofenoa. Metanoaren eratorria; bi fenilo multzo ditu bi hidrogenoren ordez, eta fenilo multzoek hidroxido talde bat eta kloro atomo bat dute eraztunean. Solido kristalinoa da, gaztaina kolorekoa. Ez da uretan urtzen, baina bai alkoholetan eta azetonan. 164° C-an urtzen da. Ehunak babesteko erabiltzen da, bakterizida gisa.  v  Diklorometanoa. Kloroak metanoan eragitean ateratzen den gaia. Anestesiko gisa erabiltzen da.  v  Dikloropropanoa. Propanoaren eratorria, bi hidrogeno atomoren ordez bi kloro atomo dituena (C3H6Cl2). 1,2-dikloropropanoa da isomero nagusia. 1,1583 gr/cm3 du pisu espezifikoa; 80° C-an urtzen da eta 96° C-an irakiten du. Erabilera ugari ditu, disolbatzaile gisa bereziki.  v  Dikloropropenoa. Propenoaren eratorria, bi hidrogeno atomoren ordez kloro atomoak dituena. 1,3-dikloropropeno izenekoa da gai honen isomero ezagunena. Propilenoaren eta kloroaren erreakzioz sortzen da. Gai organikoen sintesian erabiltzen da. v Diklorotoluenoa. Toluenoaren eratorria, eraztuneko bi hidrogeno atomoren ordez, klorozkoak dituena (C8H8Cl20). Zenbait isomero eratzen ditu. Isurkari koloregabeak dira. Uretan ezin dira disolbatu eta alkoholetan, eterrean eta azetonan erraz urtzen dira. Toluenoaren klorazioz lortzen da. Koloremaileak eta botikak egiteko eta gai organikoak urtzeko erabiltzen da.