Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dijktra Edsger, Wybe

Herbeheretar informatikako espezialista (Rotterdam, 1930 - Nuenen, 2002). Hamabi urte zituen goi mailako lizeoan sartu zen; fisika teorikoa eta matematika ikasi zituen Leidengo Unibertsitatean. 1951. urtetik aurrera hasi zen informatika ikasten eta Cambridgeko Unibertsitatean ikastaro bat egin zuen. Hala ere, 1960ko hamarraldia arte fisikari gisa aritu zen lanean. Lehenengo lanak elkarrekiko bazterketari eta sekuentzia prozesuen lankidetzari buruzko problemen inguruan egin zituen. Bere lanak IBM 360 ordenagailuak egiteko erabili ziren. 1965ean ikasleei kontrakotasun prozesuei buruzko problema bat jarri zien, gaur egun filosofoen afari izenaz ezagutzen dena. Grafoen teoriari buruzko lanak ere egin zituen, eta bere izena duen algoritmoa proposatu zuen. Ondoren, Estatu Batuetara joan zen lan egitera eta Burroughsen ikertzaile gonbidatua izan zen. Han programa bat zuzena den ezin froga daitekeela azaltzen duen azalpena zehazten saiatu zen. Ikerketa horien bidez teoremak era automatikoan frogatzeko lanetara hurbildu zen, eta matematikarien alorrera gerturatu zen. Bestalde, adimen artifizialari buruzko hainbat ikerketa egin zituen.