Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Díaz-Plaja, Fernando

Espainiar saiakeragile eta narratzailea (1918). Espainiako Historiaren Akademiako kide. Saiakera lan askoren egilea da: Teresa Cabarrús (1943), La vida española en el siglo XIX (1952, Espainiako bizimodua XIX. mendean), Francófilos y germanófilos (1973, Frankofiloak eta germanofiloak), Viaje por la Europa roja (1981, Bidaia Europa gorrian zehar), El abate Marchena: su vida, su tiempo, su obra (1986, Marchena abadea: bere bizitza, bere denbora, bere obra). Baina guztietan ospetsuena El Español y los siete pecados capitales (1966, Espainiarra eta zazpi bekatu nagusiak) izan zen. Liburu horren arrakastari etekina atereaz, estatubatuarrek (1968), frantsesek (1969), italiarrek (1970) eta Europako ekialdeko zenbait herrialdetako biztanleek (1985) bekatu horien aurrean zuten jarrera aztertu zuen beste hainbat liburutan. Halaber, 1980ko hamarraldiaren hasieran, gai hura are gehiago estututa, artikulu sail bat argitaratu zuen Vía Libre aldizkarian, Zazpi bekatu nagusiak trenean izenburupean. Handik urte gutxira telebista sail baterako moldatu zuen jatorrizko obra hura. Narratibako beste zenbait lan aipagarri: Cuentos crueles (1971, Ipuin ankerrak), El desfile de la Victoria (1975, Garapenaren desfilea), Miguel, el español de París (1985, Miguel, Parisko espainiarra), Un río demasiado ancho (1991, Ibai zabalegia).