Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Demy, Jacques

Frantses zinemagilea (Pontchâteau, Loire-Atlantique, 1931 - Paris, 1990). Zinemagintzako ikasketak egin ondoren zuzendari laguntzaile izan zen. 1950eko hamarraldiaren bukaeran hainbat film labur egin zituen, horien artean Le Sabotier du Val de Loire (1956, Val de Loireko sabotaje egilea) eta Le Bel Indifférent (1957, Eder axolagabea) nagusiak. 1961ean Lola lehenengo film luzea egin zuen, Nouvelle vagueren urte ederren garaian. Film hunkigarria eta minbera da, eta Demyren ondorengo lanen oinarriak erakusten ditu; era berean, zinemagileak ametsaren eta errealitatearen arteko harremanaren inguruko kezkei buruzko gogoeta agertzen du. 1964an Cannesko jaialdian urrezko domina jaso zuen Les Parapluies de Cherbourg (Cherbourgeko aterkiak) musika komediagatik. Hura izan zen Catherine Deneuverekin egin zituen lau filmetako bat. Hauek dira besteak: Les Demoiselles de Rochefort (1967, Rochefort-eko andereñoak), Peau d'âne (1970, Asto azala) eta L'Événement le plus important depuis que l'homme a marché sur la Lune (1973, Gertakizun garrantzitsuena gizona llargian izan zenetik). 1969an États-Unis Model Shop egin zuen, Lola lanaren jarraipena. Lady Oscar (1979) lanaren ondoren, Jacques Demyk melodrama guztiz kantatuaren formula hautatu zuen eta Une chambre en ville (Gela bat hirian) osatu zuen. Lan horrek izugarrizko arrakasta izan zuen. Bere azken lanetan, Parking (1985) eta Trois Places pour le 26 (1988, Hiru leku 26entzat), musika, kantua eta dantza landu zituen. Hil ondoren, Agnès Varda emazteak omenaldi bat egin zion Jacquot de Nantes (1991) lanarekin.