Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Delone, Boris Nikolaevitx

Errusiar matematikaria (San Petersburgo, Errusia, 1890 - 1980). Kiev-eko Unibertsitatean graduatu zen 1913an. Bertan, Grave-ren ikasle izan zen eta hark bezala aljebra eta zenbaki teoria landu zituen. Ikasketak amaitzean Kiev-en aritu zen irakasle, eta Matematika Elkarteko partaide izan zen Bialobzeski, Voronets, Grave, Friedmann, Kotelnikov, V. P. Linnik eta Schmidt matematikariekin batera. 1917ko Iraultza zela eta, aldaketa bat izan zen Errusiako hezkuntzan eta aljebrarentzat ez zen tokirik geratu; hala ere, Delonek arlo horretan jarraitu zuen, 1920ko hamarkadan Ukrainatik joatera behartu zuten arte. Hala, San Petersburgora (orduan Petrogrado) iritsi zen 1922an, bertan, Leningradoko Unibertsitatean, lan egin zuen hamairu urtez. Garai honetan, Matematika Sail berrian parte hartu zuen Vinogradov-en bidez. Sail honetan matematikari garrantzitsuekin aritu zen, haien artean, Sergi Bernstein, Luzin, Smirnov, Kuzmin, Kotxin, Sobolev eta Faddeev-ekin. 1922tik aurrera Petrogradoko Matematika Elkarteko kide izan zen, eta proiektu ugaritan parte hartu zuen. Steklov Matematika Institutuko Aljebra Saileko buru ere izan zen; saila Moskura mugitu zutela eta, bertara joan zen 1935ean: Delone Moskuko Unibertsitateko matematika irakasle izan zen urte hartatik 1942 arte. Besteak beste, aljebra eta zenbakien geometriaren arloak landu zituen; ekarpen garrantzitsuak egin zituen kristalen egituraren analisian ere.