Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Davant, Jean-Louis

Euskal idazlea (Ürrüxtoi-Larrabile, Zuberoa, 1935). Agronomia ingeniaritzako ikasketak egin zituen Frantziako Angers hirian eta Hazparneko Laborantza Eskolako irakasle eta zuzendaria izan da. Euskaltzain osoa da 1976. urteaz geroztik. Gazte izeneko agerkarian hasi zen idazten 1957. urtean. Harrezkero artikulu asko idatzi ditu Herria, Enbata, Herriz Herri, Maiatz eta Hego Euskal Herriko aldizkarietan eta egunkarietan. Argitara emaniko literatura lanak garrantzitsuak izan arren (Nahi gabe, 1986, poesia bilduma; Iparraren bila, 1987, eleberria; Abadia Urrüstoi, 1986, Antoine D’Abbadieri buruzko pastorala; Itsasoak iraultzan, 1986, poema liburua), politika, historia eta gizarte gaiei buruz idatzi dituen artikulu eta obrak ezinbesteko erreferentzia puntu bihurtu dira Euskal Herria bere osotasunean ezagutu nahi duen edonorentzat. 1970. urtean Euskal Herriko historia eman zuen argitara erdaraz eta 1973an Aberri burruka eta klase burruka euskal higikundean azterlana (Lutte nationale et lutte des classes dans le mouvement basque, frantsesez). Abertzalea eta sozialista da; EHAS alderdiaren sortzaileetariko bat izan zen 1975ean.