Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Damasko

(Arameeraz, Dammexeq, Arab. Dimashq as-Sham). Siriako hiriburua eta hiri nagusia, estatu horretako hegoaldean. Barada ibaiak ureztaturiko Ghutah oasiaren erdian dago, Libanoko mugatik hurbil. 1.361.000 biztanle (1989). Hiri zaharrean daude mezkita zaharrenak. Omeien mezkita, al-Walid kalifak jasoa (706-715), arte musulmaneko obra aipagarrienetakoa da. Mezkita hau IV. mendean kristau eliza (Teodosio II.a, San Joan Bataiatzailearen basilika) bihurtu zuten. Bertan dago Saladinoren hilobia. Azem jauregia (XVIII. m.). v Damasko merkatu eta industria hiri guztiz garrantzitsu bihurtu duen fruitu (meloiak, mertxikak), labore, olio eta ardo lurralde oparoa da Ghutah oasialdea. Indar etxea, janari industria (azukrea, olioa), ehunak, mekanika industria, tabakoa. Lehen mailako eskulanak (josturak, larruzko eta metalezko gaiak). Damasko islamaren hiri santuetako bat da. Komunikabide sare sendo batek lotzen du Damasko, errepidez eta burdinbidez, Beirut (Libano), Alep (Siria ipar-mendebala) eta Bagdad (Irak) hiriekin. v Historia. Damasko hiriaren izena Genesian ageri da jadanik; Egiptoko inperioaren mendean egon zen, XVIII. dinastiaren garaian (K.a. XVI. m.). Benetako historia, ordea, K.a X. mendean hasi zen, Israelen etsaigo bizian jardun zuen erresuma aramear bateko hiriburua zelarik. K.a. 732. urtean Teglath-Phalasar errege asiriarrak bere mende hartu zuen. Persiarren inperioko hiria izan ondoren, Alexandro Handiaren esku egon zen eta harrezkero seleukotar dinastia heleniarraren hiriburua izan zen. K.a. 65. urtean Ponpeioren soldaduek hartu eta Erromaren manupeko hiri indartsu bihurtu zen. Kristautasunaren lehen garaietako hiri guztiz garrantzitsua izan zen (bertan predikatu zuen San Paulok). Bizantzioko inperioaren barnean zegoela, arabiarrek hartu (636) eta omeien dinastiaren hiriburua izan zen 724. urtera arte. Garai honetan nabarmendu zen Damasko hiriaren nagusitasun tekniko eta artistikoa, metal (arma damaskinatuak) eta ehungintzan (Damaskoko zeta eta brokatuak guztiz ospetsuak ziren Mendebalean). Omeien dinastiaren gainbeheran (750), abbasiar, Egiptoko tuliniar, ikhxudiar eta fatimien dinastia arabiarren mendean egon zen. 1148. urtean, gurutzatu kristauak saiatu ziren hiria konkistatzen, baina Nur al-Din Alep-eko atabek edo erregeak egotzi zituen. Nur al-Din atabekaren Saladino ilobak Ekialdeko musulmanak batu zituen kristauen aurka eta guztiz hiri ahaltsu bilakatu zen Damasko ayyubiarren garaian. Mongoliarrek hiria suntsitu ondoren (Hulagu Khan, 1259), mamelukoak hiriaz jabetu eta Siriako hiriburu bihurtu zuten (1260). 1401. urtean gauza bera gertatu zen: Timur Lang buruzagi mongoliarrak hiria menderatu eta mamelukoek berreskuratu zuten berehalakoan. 1516an Selim I.a sultan otomandarrak konkistatu zuenetik 1918ra arte, Damasko izan zen gobernu otomandarraren egoitza hiria. 1860. urtean, Libanon bizi izan zuten zapalkuntzari erantzunez, drusoek kristau maronita asko hil zuten Damaskon. 1918an ingelesek Damasko hartu eta Faisal I.a Arabiako xekea Siriako errege egin zuten. Frantses kolonialistak, neurri honekin ados ez zirela eta, Damaskon geratu ziren jaun eta jabe, bertako mugimendu abertzalearen aurka. Damasko Siriako errepublikako hiriburu bihurtu zen 1946. urtean.