Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dalton, John

Fisikari, matematikari eta kimikari ingelesa (Eaglesfield, Cunberland, 1766 - Manchester, 1844). Manchesterko unibertsitatean fisika eta kimika irakatsi zuen urte askotan. Ikusmenean bazuen akats bat, diskromatopsia edo koloreak bereiz ezina. Berak deskribatu eta aztertu zuen daltonismo izen arruntez ezagunago den arazo hori. Fisikan gasei buruzko ikerketak sakondu zituen, meteorologiatik abiatuz. Bere izena daraman legea finkatu zuen. New System of Chemical Philosophy (1808) liburuan atomoaren teoriaren oinarriak finkatu zituen, gaur egun ezagutzen diren bezala.  v Dalton-en legea. Kim. Gas nahasketa batek eragiten duen presioa eta gas horietako bakoitzak bere aldetik, nahasketaren bolumen bera harturik, eragingo lukeen presioen batuketa berdinak direla dioen kimikako legea. Beraz, gas nahasketa batean presio bateratua eta osagai bakoitzaren banakako presioen batuketa berdinak dira.