Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dalí, Salvador

Katalan pintorea, marrazkigilea eta idazlea (Figueres, 1904 - Figueres, 1989). Espainiako margolari surrealista nagusia izan da, subkontzientearen irudien ikerketagatik eragin handia izan duena. Madrilen eta Bartzelonan hasi zituen Arte Ederretako ikasketak; arte estilo ugari bereganatu eta erraztasun harrigarriz erabili zituen. 1920. urte inguruan hasi zen bere estilo heldua garatzen; bi gertaerek bultzatu zuten garapen hori: alde batetik, Sigmund Freud-en idatziak aurkitu izana, subkontzientearen irudien erotismoarekin, eta bestetik Parisko surrealistekin elkartzea. Surrealistak, izan ere, gizonaren arrazoiaren gaineko subkontzientearen “errealitate handiagoa” aldarrikatzen zuten. Bere adimen subkontzientetik irudiak aterarazteko haluzinazioak eragin zizkion Dalík bere buruari. Hortik aurrera haren pintura estiloa oso bizkor heldu zen eta 1929tik 1937ra munduko artista surrealista ezagunena bihurtu zuten koadroak egin zituen. Koadro horietako mundua ametsezkoa da: objektuak elkarren gainka jarrita ageri dira, itxuragabeturik edo modu bitxi eta arrazoi gabean eraldaturik. Dalík objektu horiek errealismo eta zehaztasun handienaz marrazten zituen, gehienetan bere jaioterria gogorarazten duten leku eguzkitsuetan ezarrita. Irudi bitxi hauetan famatuenetako bat Memoriaren iraupena (1931) da; koadro horretan urtzen ari direla diruditen erlojuak ageri dira leku baketsu batean atsedeten. Surrealismoren ildotik, bi film egin zituen Buñuelekin: Zakur andaluza, 1929; Urrezko Aroa, 1930. 1940. urte inguruan estilo akademikoago batez hasi zen pintatzen Errenazimentuko Rafael margolariaren eraginez. Hori zela eta, eta Hitler-en alde eginiko azalpen batzuengatik, surrealisten taldetik kanpora bota zuten. Handik aurrera diseinua ere landu zuen (antzoki lanak, bitxiak, dendak). 1950etik 1970era Dalík erlijio gaiak landu zituen batez ere (San Joan Gurutzekoaren Kristoa, 1951), osagai erotikoak kendu gabe hala ere, eta gai nagusitzat bere emazte Gala harturik. Nahiz eta azken obra hauek oso teknika landua izan, ez dute hasierakoen garrantzia. Beste obra aipagarri batzuk: La cesta de pan, 1926; El hombre invisible, 1929; Evocación de Lenin; Autorretrato blando; Madona de Port Lligat, 1950; Ultima cena, 1955; Descubrimiento de América por Colón, 1959. Katalunian, bere sorterrian, bizitzera itzuli ondoren, obrak eta museoak (Figueres eta Cadaqués) Espainiako Estatuari eman zizkion hil aurretik.