Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Chowla, Sarvadaman

Indiar matematikaria (Londres, 1907- Laramie, Wyoming, 1995). Londresen jaio bazen ere, Indian igaro zuen haurtzaroa. 21 urte zituela graduatu zen Lahoreko Government Collegen. Doktorego ikasketak Ingalaterran, Cambridgeko Unibertsitatean, egin zituen, Littlewood-en zuzendaritzapean, eta 1931n bukatu zuen. Indiara itzuli zenean hainbat unibertsitatetan aritu zen matematika eskolak ematen: Delhiko St Stephen's Collegen, Benaresko Unibertsitate Indiarrean, Waltair-ko Andhra Unibertsitatean eta Lahoreko Punjab Unibertsitateko Gobernu Eskolan. Indiaren independentzia zela eta, Estatu Batuetara joatea erabaki zuen; han Princetoneko Ikerketa Aurreratuetako Institutuko irakasle bisitari izan zen, Kansas-eko Lawrence Unibertsitatean irakasle hautatu zuten arte (1949). Hiru urte geroago, Boulder-eko Coloradoko Unibertsitatera joan zen, eta han egon zen 1963 arte. Urte hartan, Pennsylvania Estatuko Unibertsitateko irakasle-ikertzaile postua eskaini zioten, eta 1976 arte egon zen bertan. Chowlak ekarpen ugari egin zituen zenbaki teoria eta konbinatoriaren arloan; 1925-1986 bitartean 350 bat artikulu idatzi zituen. Horietan zenbaki teoria, analisia, zenbaki analitikoen teoria, forma bitar kuadratikoak eta klase zenbakiak, konbinatoria, ekuazio diofantikoak eta hurbilketa diofantikoak eta oinarrizko zenbakien teoria landu zituen. Bestalde, hainbat matematikarirekin batera lan egin zuen, besteak beste Apostol, Artin, Brauer, Davenport, Erdös, Marshall Hall, Hasse, Herstein, Mordell, Pillai, Rao, Selberg, Shimura, Skolem, Todd, Walfisz eta Zassenhaus. Hortaz, Chowlaren zenbait teorema garrantzitsuk haien izenak dituzte; aipagarriak dira Bruck-Chowla-Ryser-en teorema (1950), Ankeny-Artin-Chowla-ren teorema (1952), Chowla-Mordell teorema (1962) eta Chowla-Selberg-en formula. Gainera, Wolstenholme-ren teorema ere orokortu zuen, eta Bernoulli-ren zenbakietan ere ekarpenak egin zituen. Lan horiek zirela-eta, ohore asko jaso zituen; hala, Padmabhushan saria jaso zuen Indiako Zientzietako Akademia Nazionalaren eskutik eta Norvegiako Zientzia eta Letretako Errege Elkarteko kide ere hautatu zuten.