Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Chaucer, Geoffrey

Ingeles poeta (Londres, 1340 inguruan - Londres, 1400). Soldadu ibili ondoren, hainbat diplomazia bidaia egin zituen Frantzia, Flandes eta Italian barrena. Frantzian eta Italian boladan zegoen hamar silabako metroa hartu eta egokitu zuen; hala, bertso heroikoa, aurrerantzeko ingeles poesiako banako nagusia, egituratu zuen. Antzinako olerkaritza anglo-saxoitik urrunduz, Frantziako gorte poesia sartu zuen Ingalaterran; bestalde, Italian ezagutu zuen Boccaccio gaztearen obren zordun izan zen. Ovidio-ren Heroidae poemetan inspiraturiko The Legende of Good Women (Emakume zintzoen elezaharra, 1386) obra bukatu gabeak ere umore eta freskotasun handia eskaintzen ditu zenbaitetan. The House of Fame (Ospearen etxea, 1380) Dante-ren Divina Commedia poemaren parodia edo alegoria da: bertan adierazten ditu Chaucer-ek gloriaren gorabeherak eta zurrumurruak zabaldu ohi diren era guztiz bitxiak. Alegoriazkoa da, halaber, The Parlement of Foules (Txoriaren Parlamentua, 1382), txori arrek laguna aukeratzerakoan bizi dituzten gorabeherak azaltzen dituen poema.  v  Chaucer-en obra nagusia The Tales of Canterbury da (Canterburyko Ipuinak, 1386-1400 urteetan idatzia, 1526an lehenengoz argitara emana). Bertsoz onduriko ipuin bilduma da, Boccaccio-ren Il Decamerone-ren antzera. Balizkoaren eta errealaren arteko antitesia azaltzen da lan honetan; XIV. mendeko Ingalaterrako gizartearen kronikatzat ere har daiteke zenbaitetan. Poeta hogeita hamar bat erromesekin agertzen da Canterburyn, Thomas Becketen santutegirako bidean. Bidaiaren nekea nolabait arintzeko, bina ipuin kontarazten die erromesei; ipuinik hoberenak afari eder bat jasoko du sari gisa. Ipuin eta pasadizo hauek guztiak lotzerakoan ageri da bete-betean Chaucer-en artea. Gizakiak bere horretan azaldu nahiak lehen idazle errealista bihurtu zuten Chaucer.