Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cruchaga Urzainqui, Gregorio

Frantses osteen aurka borrokatu zen nafar gerrillaria (Urzainki, 1739 - Etxarri-Aranatz, 1812). 1808. urtean, Francisco Gambra Erronkari kapitainaren agindupean jarri zen, frantses osteen aurka aritu asmoz. Gudu latz askoren ondoren, erronkariarrek kapitulazioa lortu zuten. Horri esker oste frantsesak Erronkaritik alde egingo zuten betikoz eta, trukean, erronkariarrek zerga bat ordaindu beharko zuten. Hitzarmena sinatu ondoren, Cruchaga Espoz Minaren taldeko kide bihurtu zen eta Nafarroa osoan barrena ibili zen frantsesen aurkako gerran (Lekunberri, Tafalla, Tiebas, Campanas). Ondoren bitan banatu zen Minaren taldea eta bi horietako baten buru geratu zen Cruchaga. Minarekin batera edo bere aldetik, Nafarroan zeuden frantses osteen etengabeko zartailu izan zen Cruchaga. Garesen 230 preso hartu zituen, baina frantsesek Tarazonan buruan zauritu eta preso hartu zuten. Bere taldekideek askatu egin zuten ordea. Frantses oste bat Araba eta Gipuzkoa arteko Arlabango mendatean txikitu ondoren (1812ko apirila), frantsesek bando bat eman zuten euskaraz, Cruchagaren buruari hamar mila pezetako prezioa ezarriz. Cruchaga, ordea, izugarri mugitzen zen eta inork ez zuen harrapatzen. 1812ko maiatzean Gipuzkoara jo zuen, Ingalaterratik ekartzen ziren armen bila. Ormaiztegin, ordea, frantsesei aurre egin eta kanoi bala batek beso bat xehakatu zion. Aralarrera erretiratu eta zaindariek bakarrik utzi behar izan zuten euripean, frantsesak orpoan zituztela. Cruchaga, osasunez are larriagotu eta Etxarri-Aranatzeko baserri batean hil zen 1812ko maiatzaren 30ean.