Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Creutzfeldt-Jakoben gaixotasuna

Med. Enzefalopatia espongiformea, gizakiengan eragiten duena, eta heriotza dakarrena. Eritasun honek garunaren ahultze itzulezina dakar, infekzioaren eragilearen aurrean erreakziorik eragin gabe ia. 50 eta 65 urte bitartean sortzen da eta gizonezkoetan zein emakumezkoetan agertzen da. Munduko edozein lekutan gerta daiteke, nahiz eta adituen ustez ez den urtean kasu bat baino gehiago izaten milioi bat biztanleko. Kasuen % 90ean lehenengo urtean izaten da heriotza, eta zenbaitetan, baita lehenengo hilabetean ere. Mintzatzeko ahalmena galtzen da, irenstea zaildu egiten da, gorputz adarrak zurrundu egiten dira, aurpegiko giharrak uzkurtzen dira, eta sintoma horietako baten ondorioz iristen da heriotza. Kasuen % 10ean dementziak jotzen du gaixoa, eta zenbait urtez bizi daiteke hil aurretik, baina ez dago osa daitekeen arrastorik.