Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cremonini, Leonardo

Italiar pintorea (Bolonia, 1925). Gazte-gaztetandik izan zuen pinturarako zaletasuna. Boloniako Arte Ederretako Eskolan egin zituen ikasketak Guglielmo Pizziranirekin. Ondoren Milango Brera Akademian aritu zen Venturoli sariari esker (1945-1950). 1951. urtean Parisa joan zen eta berehala lortu zuen ospea nazioartean. New Yorken erakusketak eskaini zituen Catherine Viviano galerian 1952, 1954, 1957 eta 1962an. Cremoninik, dena dela, aurre egin zion arte abstraktuaren modari, eta gerra ondorengo pintura figuratiboaren aitzindaritzat hartzen da. 1983-1991 urteen bitartean Parisko Arte Ederretako Eskolan pintura lantegi bat zuzendu zuen. Lehenengo lanetan giza gorputzak eta animaliak elkarri lotzen dira, arkitektura handi eta tragikoa osatuz: Jolasean ari diren umeak (1955-1956), Karrusela, gaua (1956-1957), Gizona eta piztia (1957-1958), Gizona eta zaldia (1958-1959). Geroagoko lanetan, ordea, paisaia poetikoak obsesioa bihurtzen dira: Ibilaldia Belvédèren (1960-1961). Cremoninik bere teknikaren, gaien eta irudien bidez surrealismoa, errealismoa eta arte abstraktua bateratzen ditu.