Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Confederación Nacional del Trabajo (CNT)

Espainiako estatuko langile erakunde anarkosindikalista. Bartzelonan sortu zen 1910. urtean (izen hori 1911ko irailean hartu zuen), Kataluniako talde anarkosindikalistek bultzaturik, erreformistatzat jotzen zuen UGT sindikatu sozialistari aurre egitearren. Sortu eta egun batzuetara greba orokorrerako deia zabaldu zuen Bilboko burdingintzako langileen alde, eta CNT legez kanpo utzi zuten. Berriz ere legearen barnean zela, sindikatu anarkosindikalista hau gobernu lanetan parte hartzearen aurka azaldu zen 1914. urtean, eta langileriak Lehen Mundu Gerran ez jardutearen aldeko proposamena egin zuen (Ferrolgo Biltzarra, 1915). 1916tik aurrera UGT-rekiko harremanak normaltzen hasi ziren eta urte bereko abenduan elkarrekin egin zuten lehen greba orokor bateraturako deia, bizi-mailaren igoerari aurre egiteko. CNT sindikatu anarkosindikalista izugarri indartu zen Lehen Mundu Gerrara bitarteko urteetan; 1919an estatuko sindikatu nagusia zen. Indarrik handiena Katalunian, Valentzian eta Andaluzian zuen. Euskal Her rian ez zuen halako indarrik, eta Bilbo inguruko eta Donostiako eskualdetara mugatzen zen.          
 v  1919. urtean ugazaba handiek eta gobernuak CNTren aurkako estrategia bideratzea erabaki zuten; poliziaren inguruko hiltzaile taldeak eratu zituzten eta horrez gain anarkosindikalismoaren aurkako legeak egin zituzten. Sobietar Iraultzaren ondoren, CNTk Lehen Internazionalean segitu zuen; 1922an ordura arteko laguntza baldintzatua ukatu zion Hirugarren Internazional komunistari, eta zuzeneko ekintzak proposatu zituen berriz ere, langileriaren benetako jarduera iraultzaile gisa. Primo de Riverak diktadura ezarri zuenean, zapalkuntzak ahulduta zuen CNT sindikatua, eta ez zuen indarrik militarrei erantzun ahal izateko. Klandestinitatera igaro ondoren, CNTren barneko politizazio prozesua izugarri bizkortu zen; ordura arteko jarduera sindikal soila alde batera utzirik, politika ekintzetan parte hartzen hasi zen. Primo de Rivera-ren diktadura behera etorri zenean (1930eko uztaila), hiru alderditan banatuta zegoen Espainiako higikunde anarkista: betiko jarduera anarkosindikalista bultzatu nahi zutenak, politikan parte hartzearen alde zegoen talde ofizial nagusia eta FAI (Federación Anarquista Ibérica, 1927an sortua) taldearen eraginpean zegoen talde erradikalagoa. CNTk Jacako matxinada iraultzailea bultzatu zuen, baina aldarrikaturiko greba orokorrak erantzun urria jaso zuen. Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zenean (1931ko apirila), indar handiko sindikatua zen CNT, Katalunian batez ere. 1931ko maiatzeko biltzarrean, industriaren alorreko federazioak sortzea, nekazaritzaren eraberritzea bultzatzea eta errepublika burgesaren joko politikoan sartzea erabaki zuen, gehiengo txiki batez, CNTk. Sindikatu barneko zatiketa begi bistakoa zen eta, zuzendaritzaren erreformismoa salatuz, ordu arteko buruak (Pestaña, López, Peiró) beren kargutik kentzea lortu zuen FAIk. 1932an, CNTk greba orokorra deitu zuen Alt Lobregateko meatzeetan, komunismo libertarioa ezarri nahian, eta gisa bereko saioak egin zituen Andaluzian 1933an (Casas Viejas). Ahalegin hauen aurkako zapalkuntza bortitzak abstentzionismoa bultzatu zuen 1933ko hauteskundeetan. Anarkosindikalismoa guztiz zatituta zegoen Asturiasko iraultza saioa egin zenean (1934ko urria), Espainiako estatuko sindikatu nagusia bazen ere. 1936ko hauteskundeetan, Durruti buruzagi anarkistak ezkertiarren aldeko botoa eskatu zuen, eta Frente Popularra garaile atera zen.           
 v  Gerra Zibila hasi zenean, CNTk ideologia oinarri batzuk alde batera utzi eta Errepublikako Gobernuko eta Generalitateko partaide bihurtu zen.     
 v  Euskal Herrian, anarkismoak ez zuen hainbesteko indarrik; Jaurlaritzan ez egoteaz gainera, salaketa ugari jaso zuten FAIk eta CNTk, presoak hiltzearen eta zenbait herriri su ematearen erantzunkizuna leporatzen baitzieten. CNTk batailoi batzuk antolatu zituen Eusko Gudarostearen barnean; Malatesta izenekoa zen horien arteko talde nagusia. Gerra garaian, iraultza soziala eta komunismo libertarioa ezartzen saiatu zen nagusi zen lurraldeetan (Katalunia, Aragoi). Gerra ondoren, zapalkuntza basatitik libre geratu ziren anarkistek frankisten aurkako gerrillari ekin zioten 1950. urtearen hasiera arte, baina klandestinitatean urte luzeetan izanik, gerra aurreko indarra galdu zuten anarkosindikalistek. Francoren heriotzaren ondoan (1975), iraultzaren eta hausturaren alde azaldu zen CNT berriro, baina klandestinitatean gorpuztu eta askoz ere egitura sendoagoa zuten sindikatu komunistek, sozialistek eta nazionalistek galarazi zuten sindikalismo libertarioaren garapena.