Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Commedia dell´arte

XV. mende bukaeran Italian sortu, Europan barrena zabaldu eta gaurko egunera arte berebiziko eragina izan duen antzerti moldea. Bat-batekotasunean oinarritzen da, maskara edo karatosak erabiltzen dira eta pantomimak, dantzak eta akrobaziak osatzen dute. Honez gainera, giza bizioren edo barregarriren bat irudikatzen duten pertsonaiak sortu ditu, jazkera eta ibilera bereziez hornituak: Arlecchino (Arlekin, bufoi lotsagabe eta alferra jatorriz, zerbitzari gaixo eta sentibera azkenik), Pedrolino (Pierrot Frantzian, pertsonaia komikoa), Scaramuccia (Scaramouche Frantzian, komedia antzezleen printzea, goitik behera beltzez jantzia), Pantalone (Pantalon Frantzian, gazteen irrigarri den agure likits eta zikoitza), Il Dottore (Doktorea, Tartaglia edo Totelaren aurrekoa), Capitan (Kapitaina, beti erronkan diharduen harroputza), Pulcinella (Politxinela). Italiako komediak eragin berezia izan zuen Frantzian XVI. mendetik aurrera (Molière, Comédie-Française). Garai modernoagoetan, hainbat pailazok, Grock eta Fratellini-tarrak esaterako, Charlie Chaplin-ek, eta hainbat music-hall artistek Commedia dell´artek plazaraturiko pantomima teknikak erabili dituzte.