Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cernuda, Luis

Espainiar poeta (Sevilla, 1902 - Mexiko, 1963). 1927ko belaunaldiko kidea. 1936ko gerra amaitutakoan erbestera jo zuen, Britainia Handira lehenbizi eta Estatu Batuetara ondoren. 1952. urtean Mexikon hartu zuen egoitza. Lehen literatura idazkiak Cruz y raya eta Revista de Occidente aldizkarietan eman zituen argitara. Poesia landu zuen bereziki. 1931n Los placeres prohibidos (Debekatutako plazerrak) argitaratu zuen; amodioaren eta moralaren arteko gatazka ispilatzen ditu surrealisten ildotik: Perfil de aire (Airezko profila, 1927), Egloga, Elegía eta Oda (1928), Un río, un amor (Ibai bat, amodio bat, 1929). Donde habite el olvido (Ahanztea bizi den lekua, 1934) bildumarekin ahots pertsonalago bat lortu zuen. 1936az gero, poema liburuak atera ahala, izenburu baten azpian bildu zituen, La realidad y el deseo (Errealitatea eta desira). Liburuaren bertsio erabatekoa Mexikon atera zen egilea hil eta urte betera. Bestalde, prosa poetikoa ere landu zuen, Ocnos (1942) izeneko liburuan, esaterako. Kritika lan baliotsuak ere eskaini zituen: Estudios sobre la poesía española contemporánea (Bogota, 1957), Poesía y literatura (bi liburuki, 1960 eta 1965. urteetan).