Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Carballido, Emilio

Mexikar idazlea (Córdoba, Veracruz, 1925 - Xalapa, Veracruz, 2008). Letrak eta arte dramatikoko maisutza ikasi zituen Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoan. Veracruzeko Unibertsitateko Antzerki Eskolan eta Argitalpen kontseiluan lan egin zuen, baita Arte Ederretako Institutu Nazionalean eta Estatu Batuetako hainbat unibertsitatetan ere. Hainbat sari irabazi zituen, bere sorterriko 1996ko Literatura Sari Nazionala besteak beste. Zinema gidoigile gisa, 50 filmetan baino gehiagotan parte hartu zuen. 1976an Mexikoko Hizkuntza Akademiako kide izendatu zuten. Carballidoren lanak hainbat herrialdetan aurkeztu izan dira, hala nola Espainia, Alemania, Frantzia, Suitza, Belgika, Israel, Kolonbia, Venezuela eta Kuban. Osatu zituen antologien artean aipagarriak dira: Teatro joven de México (1984, Mexikoko antzerki gaztea), 9 obras jóvenes (1985, 9 lan gazte), Jardín con animales (1985, Lorategia animaliekin), Teatro para obreros (1985, Antzerkia langileentzat). Ipuinak ere idatzi ditu, besteak beste: El poeta que se volvió gusano y otros cuentos (1978, Zizare bihurtu zen poeta eta beste ipuin batzuk), Un cuento de Navidad (1980, Gabonetako ipuina) eta El censo (1980, Errolda). Carballidoren eleberri nagusiak, berriz, hauek dira: La veleta oxidada (1956, Haize-orratz erdoildua), El sol (1970, Eguzkia), El tren que corría (1984, Korrika egiten zuen trena).