Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Caproni, Giorgio

Italiar poeta (Livorno, 1912 - Erroma, 1990). Biolin eta musika ikasketak hasi bazituen ere, oso gaztetatik jo zuen literaturaren bidetik. Genevan bizi izan zen 1938. urtea arte eta bertako aldizkarietan idatzi zituen lehenengo poemak. Lehenengo bilduman –Come un´allegoria (1936, Alegoria bat bezala)–, garai hartako Florentziako higikunde hermetikoarekiko urruntasuna erakusten du. Handik bi urtera Ballo a Fontanigorda ed altre poesie (1938, Dantza Fontanigordan eta beste poema batzuk) argitaratu zuen. 1939an Frantziaren kontra borrokatu behar izan zuen. Prosa liburu batean agertzen da drama hura: Giorni aperti (1942, Egun irekiak). 1943an Cronistoria liburua argitaratu zuen eta Caproniren beste aldi bat hasi zen lan horrekin, oinazean eta tristuran barneratu zena. Il Seme del piangere (1959, Malkoen hazia) lanarekin erritmo herrikoietara, ironiaren bidera, itzuli zen. 1960. urtetik aurrerako lanetan Jainkoaren eta ezerezaren inguruko ikerketak agertzen dira. 1975ean, Il Muro della terra (Lurraren harresia) lanean, Caproniren pentsamoldearen oinarria agertzen da: nola sinets dezake arrazoizko gizaki batek jainko irrazional batengan? Azken liburuak Il Franco Cacciatore (1982, Basa-ehiztaria) eta Il Conte di Kevenhüller (1986, Kevenhüller-eko kondea) ditu.