Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cabrera Infante, Guillermo

Kubako idazlea eta zinemarako gidoi egile (Gibara, Oriente, 1929). Zinema kritikaria izan da 1954. urtetik aurrera. Kubako zinemakoteka sortu zuen eta Kubako iraultzako lehen urteetan Lunes de la Revolución literatura aldizkariko zuzendaria izan zen. F. Castroren politikaren aurkako izanik, 1962. urtean Kubatik alde egin eta Britainia Handian hartu zuen bizitokia. 1960. urtean Así en la paz como en la guerra (Gerran bezala bakean ere) ipuin bilduma argitaratu zuen. 1963an zinemari buruzko artikuluak bildu zituen Un oficio del siglo XX (XX. mendeko lanbidea) liburuan. Argitaratu ditu, halaber: Tres tristes tigres (Hiru tigre triste, 1966); O (1975) eta La Habana para un infante difunto (Habana infante zendu batentzat) autobiografia eleberria (1979). Cabrera Infante Latinoamerikako beranduko barrokoko literatura eman duen idazle nagusietakoa da. Hauek ditu azken urteotako lanak: 1992an Mea Cuba argitaratu zuen, 1995ean kaleratu zuen Delito por bailar el chachachá, eta 1996. urtean Mi música extremada. Orobat idatzi zuen La ciudad perdida (1991), zinemarako. 1997. urtean zinemari buruzko saiakera bat idatzi zuen, Cine o sardina, eta urte horretan bertan Cervantes saria eman zioten. 1999. urtearen bukaeran El libro de las ciudades kaleratu zuen, bidaia kroniken bilduma. Urte berean 1952 eta 1992 bitartean idatzitako kontakizun bilduma kaleratu zuen, Todo está hecho con espejos titulupean. 2000. urtean Puro humo argitaratu zuen, erretzailearen autobiografia modukoa, zinema “kedunaren” katalogoa eta puro erretzailearen gida.