Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Burkina Faso

(Izen ofiziala, Burkina Fasoko Herri Errepublika Demokratikoa; antzina, Volta Garaia). Afrika mendebaldeko estatua. 274.000 km2 eta 13.491.736 biztanle (2005, burkinafasoarrak). Mugak: ipar eta mendebaldean Mali, ekialdean Niger eta hegoaldean Benin, Togo, Boli Kosta eta Ghana. Hiriburua: Uagadugu (500.000 biztanle). Hiri nagusiak: Bobo-Diulasso eta Kudugu. Hizkuntzak: frantsesa (ofiziala), more-a (gehien erabiltzen dena, mossi etniaren hizkuntza), diula eta hausa (merkataritzan). Gizatalde nagusiak: mossi-ak (% 50 inguru), peul-ak, bobo-ak. Erlijioa: animismoa (% 50 inguru), islama eta kristautasuna. Dirua: CFA frankoa. ■ Biztanleak. Burkina Fasoko biztanleria oso gaztea da (15 urtetik beherakoa da biztanleen erdia ia), eta gehienak nekazari inguruneetan bizi dira. Bertako etnia nagusiak mossia eta mandingoa dira, baina aipagarriak dira peul, haussa eta beste hainbat etnia ere; etnia aniztasunaren isla da bertako folklore aberatsa. Burkina Fasoko jaiotza tasa oso altua da (emakumeko 6 haur), baina haurren heriotza kopurua ere garaia da, eta bizi itxaropena, berriz, oso apala: 48 urte gizonak, 51 emakumeak. Demografia erregulatzeko bide bakarra emigrazioa da, inguruko herrialdeetarako emigrazioa hain zuzen ere. Dena dela, aurreikuspenak betetzen badira, 2010. urterako 15 milioi biztanle izango ditu Burkinak. Osasun baldintzak oso kaskarrak dira (25.000 biztanleko mediku bakarra 1998an), eta elikadura arazoak eta eritasun larriak daude (HIESa, malaria, etab.). Analfabetismoa Afrikako herrialdeen arteko garaienetakoa da: 15 urtetik beherako biztanleen % 19 baino gutxiago dago eskolatua. Goi mailako ikasketak egiteko erakunde bakarra Uagaduko Unibertsitatea da. ■ Ekonomia. Munduko ekonomiarik atzeratuenetakoa da. Nekazaritza da ekonomia jarduera nagusia, baina klima eta lurraldearen ezaugarriak oztopo handiak dira (lurraldearen % 10 baino gutxiago lantzen da). Biztanle gehienek nekazaritzatik edo abeltzaintzatik ateratzen dute bizibidea (barne produktu gordinaren erdia baino gehiago hartzen dute). Azukre kanabera, kotoia, arroza, artoa, artatxikia lantzen dira batez ere. Ardiak, ahuntzak eta abelgorria dira azienda nagusiak. Lehorte larriak gertatu ohi dira, eta horrek kalte handiak eragiten ditu ekonomian; urtero-urtero hainbat biztanlek emigratzen du Boli Kostara eta Ghanara lehortearen eraginez. Industria nekazaritzako gaietan dago oinarritua (kontsumorako gaiak egiten dira batez ere), baina herrialdearen barne beharrak asetzeko lain bakarrik ematen du. Kanpo merkataritza apurrak emaitza negatiboa du Burkinarentzat. Horren arrazoi nagusietako bat itsasorako irteerarik eza eta komunikazio kaskarrak dira, inguruko herrialdeen mende baitago merkataritza harremanetan. Langabezia asko dago, eta lan baldintza kaskarretan ari da langile asko. Etorkizunari begira, lurpeko aberastasunak dira Burkina Fasoren itxaropen bakarra: manganeso eta bauxita erreserba handiak daude, eta urrea ere badago, baina gaur egun ez dira behar adina ustiatzen. Hori guztia dela-eta, nazioarteko laguntzen mende dago ekonomia; Nazioarteko Diru Funtsaren laguntzarekin nekazaritzaren garapenerako eta garapen hidraulikorako programak antolatu dira. ■ Administrazioa eta gobernua. Herrialde demokratikoa da izatez. Lehendakaria zazpi urtez behin hautatzen dute, eta bere esku dago aginpide betearazlea. Aginpide legegilea Herri Diputatuen Batzarrak du; batzarra lau urtez behin aukeratzen da. Lurralde antolaketari dagokionez, hogeita hamar administrazio barrutitan dago banatua Burkina Faso. ■ Historia. Azken urteak. 1980. urtetik aurrera hainbat estatu kolpe izan dira (1980, 1982, 1983). 1984. urtean egungo izena eman zioten errepublikari, Thomas Sankara buruzagi zela. 1987 arte egon zen agintean Sankara, baina urte hartan kargutik kendu zuten, eta ordu arte bere laguntzaile izandako Blaise Compaore kapitaina izendatu zuten lehendakari. Sankara agintaldiaren amaiera tragiko hark mito bihurtu zuen eta afrikar askorentzat heroi handia izan zen, Lumumba edo Mandela bezala; ustelkeriaren eta pobreziaren kontra borrokatu izana eta lehorteek eta baso soiltzeak kaltetutakoentzat laguntza antolatu izana dira Sankararen merezimendu nagusiak. 1989. urteaz gero Blaise Compaore kapitaina da Burkina Fasoko lehendakaria (Herri Fronteko buruzagi gisa hasieran, Demokraziaren eta aurrerapenaren aldeko Biltzarreko buruzagi gisa 1996az gero), baina 1991ko konstituzioa onartu zenez gero, aldaketa nabarmenak izan dira Burkina Fasoko gobernuan. Urte hartan marxismo-leninismoa alde batera utzi zuen alderdiak eta merkatu ekonomia finkatu zuen, oposizioko alderdiak onartu ziren, aginpideak bereizi ziren, etab. 1992an legebiltzarrerako hauteskundeak egin ziren, eta 1995ean udal hauteskundeak; Herri Fronteak irabazi zituen biak (dena dela, azpimarratzekoa da Burkina Fasoko hauteskundeetan abstentzio handia izan ohi dela, azken urteetan % 44raino murriztu den arren). 1995ean oposizioak hauteskundeei boikota egin zien, hauteskunde batzordea independentea ez zelakoan, eta gizartean tentsio egoera nagusitu zen, azken urteetako egoera ekonomiko larria zela eta (1995eko lehen sei hilabeteetan % 30 garestitu zen bizitza). Demokraziaren eta Aurrerapenaren aldeko Biltzarra alderdia osatu ondoren, Compaorek jarraitu zuen lehendakaritzan 1996an, oposizioa zatituta zegoelako eta hitzarmen estrategikorik ezin antolatu zuelako. 1998an eta 2005ean Compaore lehendakari gisa berretsi zuten; Tertius Zongo izendatu zuten gobernuburu 2007an. Egoera ekonomikoa txarra da eta egoera soziala nahasia, baina burkinafasoarrek nazioartean beren herriaren irudia hobetu duen lehendakaria saritu dute. 1990az gero Burkinak Nigerreko eta Maliko gerratik ihes egindako iheslari tuaregen arazoari aurre egin behar izan die. Bestalde, gaur egun Nazioarteko Diru Funtsaren laguntzen mende dago Burkina Fasoko ekonomia, eta, horrenbestez, baita bertako jarduera politikoa ere.
http://www.ikuska.com/Africa/Paises/Burkina.htm