Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Burgosko Auzia

Frankismoaren garaian (1970eko abenduaren 3tik 31ra) ETA erakundeko euskal kide abertzaleei eginiko gerra kontseilu edo epaiketa militarra. Melitón Manzanas polizia eta torturatzailea hil zutelako salakuntzapean, Burgosko epai-mahai militarrak heriotz zigorra eskatu zuen sei kiderentzat eta kartzela urte kopuru handiak gainerakoentzat. Inolako garantiarik eskaintzen ez zuen epaiketan, salatzaileek banan-bana adierazi zuten beren ideologia abertzale iraultzailea eta salatu zuten Espainiako estatuaren izate faxista eta zapaltzailea. Agintari frankistek epaiketa horren bitartez ETA eta euskal erresistentzia guztiz indargabetu nahi izan bazuten ere, besterik jaso zuten ordainetan. Euskal Herriko ia leku guztietan izan ziren epaiketaren aurkako manifestaldiak eta milaka langilek utzi zioten lanari, abenduaren 3ko greba deiari jarraituz. Zapalkuntza gogorra izan zen eta Eibarren Roberto Pérez Jauregui langile gazteak bizia galdu zuen poliziak balaz zauritu ondoren (1970eko abenduak 4). Gipuzkoa eta Bizkaia, bestalde, estado de excepción delakoan zeuden. Euskal Herritik kanpora ere Francoren aurkakoek kalera irten ziren Espainian, Katalunian, Frantzian, Italian eta beste herrialde askotan. Europako nazioak gero eta Francoren kontrakoago ageri ziren eta, gainera, ETA euskal erakunde armatuak epaiketa hasi baino bi egun lehenago (1970eko abenduaren 1a) Alemaniako Errepublika Federalak Donostian zuen Eugen Beihl kontsula bahitu eta epaituriko kideen ordez askatuko zuela adierazia baitzuen. Euskal kideen aurkako epaiketa frankismoaren aurkako epaiketa bihurtu zen. Espainiako Gobernuak Francoren aldeko manifestaldia antolatu zuen abenduaren 17rako eta hilabete bereko 14an Espainiako estatu osora zabaldu zuen sei astez estado de excepción delakoa. Gobernu frankistaren aurkako manifestaldiak eta grebak alde guztietara hedatu ziren, ordea, eta erregimen faxistaren aurkako oposizioa indartu egin zen. Gabon egunean ETAk aske utzi zuen Beihl kontsula eta abenduaren 30ean epai-mahai militarrak epaiak eman zituen argitara. Sei laguni (Jokin Gorostidi, Eduardo Uriarte, Xabier Izko, Mario Onaindia, Jose Maria Dorronsoro eta Javier Larena) herio zigorra eman zieten eta gainerakoei eskaturiko zigorrak ezarri zizkieten. Ondoko egunean, epaiketen aurkako erantzun handiaren eta nazioarteko presioaren fruitu, Franco jeneralak balio gabe utzi zituen herio epaiak. Burgosko auzia izan zen frankismoak barrutik eta kanpotik bizi izan zuen lehen eraso handia eta, era berean, Euskal Herriak bere nortasunaren eta burujabetzaren alde borrokan diharduen herritzat Gerra Zibilaz gero munduaren aurrean argieneik agertu zen aldia.