Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Burgos

Espainia ipar-erdialdeko probintzia (Gaztela-Leon). 14.269 km2 eta 400.000 biztanle. (1981). Mugak: iparraldean Santander eta Bizkaia, ekialdean Araba, Errioxa eta Soria, mendebalean Kantabria, Palentzia eta Valladolid, eta hegoaldean Segovia eta Soria. Hiriburua: Burgos. Hiri nagusiak: Miranda de Ebro, Aranda de Duero eta Briviesca. Arabako lurretan dagoen Trebiñuko konderria Burgos probintziaren administraziopean dago. Iparraldean Kantauriko mendikatea du eta erdialdean eta hegoaldean Gaztelako goi-ordokia. Probintziatik igarotzen diren ibairik garrantzitsuenak Duero, Ebro, Arlanzon eta Pisuerga dira. Klima kontinentala du. Nekazaritza aberastsa da: laboreak, lihoa, barazkiak eta kalamua. Abere hazkuntza.  v  Izen bereko probintziako hiriburua, Arlanzon ibaiak zeharkatua. 156.449 biztanle. (1981). Ehunak, papergintza, janari industria eta industria kimikoa. Artzapezpikutegia.  v  Historia. 884. urtean sortu zen hiria (gotorlekua hasieran). XI. mendera arte Gaztelako hiriburua izan zen. XIV eta XV. mendeetan izan zuen oparotasunik handiena, bertan zentralizatu baitzen artilearen merkataritza. XVII. mendean, ekonomia krisiaren ondorioz gainbehera etorri zen. 1808. urtean frantsesek hartu zuten. 1936. urtetik 1939. urtera arte Espainiaren Gobernuaren egoitza izan zen.  v  Arkitektura eta artea. Burgosen daude Espainiako garrantzi handieneko Erdi Aroko monumentuak. 1221. urtean hasi eta XVIII. mendean amaituriko Santa María katedral gotikoa maisu lan bikaina da. XII. mendeko elizak (Santa Gadea eta San Eztebe), Santa Maria de las Huelgas X. mendeko monasterioa, Zister ordenako mojena, Mirafloresko kartuja, Arkeologia museoa eta lorategi ugari.