Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Buesa, Fernando

Bizkaitar politikaria (Bilbo, 1946 - Gasteiz, 2000). PSE-PSOE Euskadiko Ezkerra alderdiko kidea. Bilbon jaioa izan arren, Gasteizen garatu zuen gaztetatik bere ibilbide profesional eta politikoa. Han hasi zen abokatu bezala lanean 1970ean eta, kristau demokraziarekin harremanen batzuk izan ondoren, Alderdi Sozialistan hasi zuen bere ibilbide politikoa. 1983tik 1987ra Gasteizko udaleko zinegotzi izan zen, baita bere alderdiaren Antolakuntza Idazkari ere. Arabako Ahaldun Nagusi ere izan zen 1979tik 1983ra. 1990etik 1994ra Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailburu izan zen, baita lehendakariorde ere Jose Antonio Ardanza lehendakari zen aldi horretan. Garai hartan istilu ugari izan zituen ikastolen eta euskararen aldeko higikundeekin. Euskal kutsuko sozialismoaren aurka agertu zen beti Buesa, eta Eusko Legebiltzarrean ere –1998ko hauteskundeetan legebiltzarkide hautatu zuten berriz ere– eztabaida ugari izan zituen alderdi abertzaleetako ordezkariekin. 2000. urteko otsailaren 22an, ETAk bonba-auto baten bidez hil zuen. Fernando Buesarekin batera, haren bizkarzaina, Jorge Díez Elorza 26 urteko ertzaina, hil zuen ETAk atentatu horretan. Bere omenez, “Fernando Buesa Arena” izena eman zioten Baskonia saskibaloi talde gasteiztarraren alderdiak hartzen dituen pabilioiari, eta 2000. urtearen azken aldera Fernando Buesa Fundazioa sortu zen.