Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Buchanan, James McGill

Estatubatuar ekonomista (Murfreesboro, Tennessee, 1919). 1948an ekonomiako doktoregoa lortu zuen Chicagon, eta finantza publikoetan espezialista egin zen. Ondoren Virginiako unibertsitatera joan zen zergadunen psikologia aztertzera, eta baita hautaketa indibidualen (pribatuak) eta taldekoen (estatua) arteko mekanismoak aztertzera ere. 1986an Ekonomiako Nobel saria irabazi zuen. Buchananen lanen ideia nagusia hau da: demokrazian, hiritar kontsumitzaileek ondasun publikoen gaineko hautaketa botoaren bidez egiten dute, eta hautatutako ordezkariek helburu bat besterik ez dute, berriz hautatuak izatea. Horien asmoa da beren boto emaileen kopurua handitzea etengabe. Boto emaileek, bestalde, alderdien egitasmo ekonomikoek ekar diezaiketen onuren arabera ematen dute botoa. Buchananek, bestalde, botoak zenbatzeko sistemak aztertu ditu, ekonomiaren ikuspegitik betiere. Gordon Tullockekin The Calculus of Consent (1962, Adostasunaren kalkulua) lana idatzi zuen. Buchananek frogatu zuen gehiengo absolutuaren eta guztien adostasunaren artean "gehiengo optimoa" zegoela. Teoria horrez gainera, derrigorrezko aurrekontuen orekaren teoria ere landu zuen, zeinaren bidez Buchananek aurrekontuetako gastuen puztea eta estatuaren esku-hartzea azaldu baitzituen. Kontuan hartuta hautaketa indibidualek eragin zuzena dutela politikan eta aurrekontuetan, Buchananek estatuaren defizitaren bitarteko konstituzionalak mugatzea proposatzen zuen. Reagan presidentearen politika Buchananen lanetan oinarritu zen. Lan horiek aurrekontuen derrigorrezko oreka Konstituzioan bertan aipatu beharko litzatekela adierazten dute azken batean.