Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Brouard Perez, Santiago

Euskal politikaria (Lekeitio, 1919 - Bilbo, 1984). HASI euskal alderdian eta Herri Batasuna erakundean politikari nagusietakoa izan zen. Pediatra zen lanbidez, eta Bilbon, bere bulegoan, 1984ko azaroaren 20an, tiroz hil zuten GAL talde eskuindarreko bi gizonezkok. Hil zutenean Santi Brouard euskal parlamentaria zen, Herri Batasunako Mahai Nazionaleko kidea eta HASI alderdiko lehendakaria; Bilboko alkateordea ere izana zen. 1974an, ETAko kide bat sendatzeagatik, atzerrira joan beharra izan zuen. EHAS euskal alderdiko sortzaileetako bat izan zen eta ezker abertzaleko KAS erakundearen eratzaileetako bat. Franco hil zenean itzuli zen Bilbora, eta ezker abertzaleko alderdi politikoetako kide eta aitzindari izaten aurrera egin zuen hil arte. Santi Brouard hilez geroztik bederatzi urte igaro ondoren, bere hilketa argitzeko epaiketa 1993ko maiatzean hasiko da.