Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bonifaz Nuño, Rubén

Mexikar humanista, poeta, itzultzailea, arte kritikaria eta marrazkilaria (Veracruz, 1923). Mexikoko Unibertsitatean doktoregoa atera zuen letra klasikoen sailean. 1966. urtetik aurrera ikertzaile aritu da Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko Historia Institutuan, eta bertako argiltalpenen zuzendari izan da. Filosofia eta Letretako irakasle izan da, eta Itzulpen Latinoaren Mintegiko katedra sortu zuen. Hainbat zentro sortu zituen, besteak beste, Linguistika Hispanikokoa, Hizkuntza Klasikoetako itzultzaileena. Hainbat artikulu eta poema idatzi ditu Mexikoko aldizkarietan eta atzerrian. 1974an Mexikoko Literatura Sari Nazionala irabazi zuen. Colimako Unibertsitatean (1984), Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoan (1985) eta Veracruzeko Unibertsitatean Honoris Causa doktore titulua eman zioten. Bere lanak hainbat antologiatan sartu dira, eta hainbat hizkuntzatara itzuli dira. Poesia lanen artean aipagarriak ditu: La muerte del Ángel (1945, Aingeruaren heriotza), Poética (1951, Poetika), Imágenes (1953, Irudiak), Los demonios y los días (1956, Deabruak eta egunak), El dolorido sentir (1960, Sentitze minbera), Fuego de pobres (1961, Pobreen sua), El ala del tigre (1969, Tigrearen hegoa), La flama en el espejo (1971, Sugarra ispiluan), Del templo de su cuerpo (1992, Bere gorputzaren tenplutik). Itzulpen eta bertsio ugari egin ditu, besteak beste, Dante Alighieriren Eglogak, Eneida, eta Greziar Lirikaren Antologia.