Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bondeville, Emmanuel

Musikagile frantsesa (Erruan, 1898 - Paris, 1987). 1908an organoa ikasten hasi zen Louis Haut-ekin. 1915ean, Jules Haelling izan zuen irakasle, Erruango katedraleko organo-jotzaile titularra. Urte horretan bertan, Sain Nicaiseko organo-jotzaile izendatu zuten. Gerraren ondoren, Parisen hartu zuen bizilekua eta konposizioa lantzen hasi zen Jean Déré-rekin batera. Triton garai hartako ganbera musikako talde ospetsua sortu zuen beste zenbait musikagilerekin batera. Garai horretan idatzi zituen lehenengo lanak, hiru poema sinfoniko: Le Bal des pendus (1929), Ophélie (1931) eta Marine (1933). 1935ean Tour Eiffel Irratiko zuzendari artistikoa izendatu zuten eta ondoren Paris Irratikoa. 1938-1945 urteen bitartean Radiodiffusion français-eko zuzendari izan zen eta hamar orkestraren sorreran parte hartu zuen. Ipar Afrikan ere sortu zituen zenbait orkestra. 1945ean Radio Monte-Carloko zuzendari artistiko bihurtu zen. Ondoren, antzerki lirikora aldatu zen: Opera Komikoko zuzendari (1948-1951) eta Parisko Operako musika zuzendaria (1951-1969), Arte Ederretako Akademiako idazkari (1964-1986). 1966an Egile eta musikagile dramatikoen elkarteko musikaren saria jaso zuen. Bondevilleren produkzioa orkestrara (Gaultier-Garguille, poema sinfonikoa, 1951-1952; Symphonie lyrique, 1955-1956; Symphonie chorégraphique, 1961-1963) eta antzerkira (L’École des maris opera komikoa, 1935; Madame Bovary, 1951; Antoine et Cléopâtre opera, 1974) zuzendua da ia erabat. Literaturako maisulan horiek lirikako maisulan bihurtu zituen Bondevillek.