Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bolonia

Italiako hiria eta Emilia-Romagna eskualdeko eta Bolonia probintziako hiriburua, Po ibaiaren ertzean. 459.080 biztanle (1981). Apezpiku egoitza. Unibertsitatea (Europako zaharrena, 1088).  v  Italiako hiririk aberatsenetakoa eta ederrenetakoa da. Garrantzi handiko industria (metalurgia, kimika industria, janari industria, doikuntza mekanika, zapatagintza).  v  Eliza ospetsuak, Errenazimentuko jauregia, XII. mendeko Asinelli dorrea eta liburutegi zoragarria.  v  Historia. Antzinako etruriar hiri hau (Felsina), erromatarren kolonia izan zen (Bononia). Hiri librea zen XII. mendean; zuzenbidean espezialduriko unibertsitatea sortu zuten bertan. XV. mendea arte Bentivogliotarren esku geratu zen. Julio II.ak Bolonia Aita Santuaren estatu egin zuen (1513). XIX. mendean zehar izandako askatasun higikundeak austriarrek zapaldu zituzten. 1860. urtean Bolonia Italiako erresumaren esku geratu zen. Bigarren Mundu Gerran amerikarrek askatu zuten (1945).  v  Italia iparraldeko probintzia, Emilia-Romagna eskualdean. 3.702 km2 eta 926.248 biztanle. Hiriburua: Bolonia. Probintzia aberatsa da nekazaritza eta industriari dagokionez (mekanika, kimika, ehun langintza eta janari industria).