Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bocaccio, Giovanni

Italiar idazlea (Certaldo, Toskana, 1313 - Certaldo, 1375). Merkatari baten sasiko semea zen; hamabi urte zituela Napolira bidali zuten ikasketak egitera eta merkataritzaren alorrean trebatzera. Ikasteaz gainera Robert d’Anjouren gorteko bizitza ezagutu zuen. Garai hartako bizimoldea eta Maria d’Aquinorekiko amodioa kontatzen du L’Élegia di Madonna Fiammetta (1343) eleberrian. Napolin zegoela bere lehen hiru lanak ondu zituen: Filocolo (1336), toskaneraz eta hitz lauz; Filostrato (1338) eta La Teseida (1340), poema epikoak. 1340 inguruan Florentziara itzulirik hainbat moldetako lanak moldatu zituen: Le Ninfale d’Ameto (1341 inguruan), L’amorosa visione (1342) alegia pastoralak; Ninfale fiesolano (1343-1346), idilio mitologikoa bertsoetan emana. Bidaia batzuk egin zituen, baina Florentziako izurritearen garaian (1348) bertan zegoen. Gertaera hark bere lan nagusiaren ideia idaroki zion. Izan ere, 1348an bertan Il Deccamerone idazten hasi zen, 1353an burutu eta argitaratu zena. Lan honek ospe handia ekarri zion eta kargu ofizialetarako bidea ireki. Halatan, 1354tik aurrera Avignonen eta Erroman egon zen enbaxadore gisa. Denboraldi laburrean guztiz elkarren aurkako diren bi liburu idatzi zituen: Il Corbaccio (1354), emakumeen satira bortitza, eta De claris mulieribus (1355), emakumeen laudoriozko biografia saila, Petrarkaren De viris illustribus haren moduan. 1362an jasan zuen krisiaren ondorioz, Il Decamerone-ri uko eginez, antzinateari buruzko ikasketak sakontzera eta jaierazko egintzetara emana bizi izan zen. Azken aldi honetakoak dira: Tratatello in laude di Dante (1357-1362) eta De genealogis deorum, mitologia klasikoaren bilduma zabala (15 liburu).  v  Petrarkaren laguna zen eta haren eragin nabarmena du. Bocaccio da inondik ere Italiako prosaren sortzailea.