Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Blasco Etxeguren, Txema

Arabar antzezlea (Gasteiz). Zinemagintza, antzerkigintza eta telebista landu ditu. Imanol Uriberen Segoviako ihesa (1981), Julio Medemen Vacas (1991), Tierra (1996) eta La ardilla roja (1993); Juanma Bajo Ulloaren Alas de mariposa (1991); Enrique Urbizuren Todo por la pasta (1990) eta Cachito (1995) eta Montxo Armendarizen Tasio (1984) filmetan lan egin du. Protagonista paperak baino, bigarren mailako pertsonaia sendoak eraiki izan ditu bere ibilbide profesionalean zehar. Txema Blascok, bestalde, aparteko lana egin du Espainiar estatuan ekoitzi diren film laburretan, 70 film labur baino gehiagotan hartu baitu parte. Horrez gainera, antzeztu dituen lanen artean nabarmentzekoak dira De ratones y hombres (1996); El vagón (1996) eta Maribel y la extraña familia. Telebistako telesailetan ere aritu izan da antzezle hau. Besteak beste, Pepa y Pepe (1995), Colegio Mayor (1995) eta Blasco Ibáñez (1996) lanetan eta, ETBren produkzioei dagokienez, Terranova edo Entre dos fuegos telesailetan. Bere lana saritzearren, Palentziako Aguilar de Campooko Espainiar Zinemaren Astean "Águila de Oro" saria eman zioten 2000. urtean.